El escarmiento irakurri dut, Miguel Sanchez-Ostiz idazle nafarrak Pamielan argitaratutako liburua, eta ikaragarria iruditu zait, bertan kontatzen baitu, datu mordoa erabilita, 1936ko uztailean Espainiako Errepublikaren kontra matxinatutakoek Nafarroan antolatutako izua, eta hori bezain ikaragarria, harrezkero faxista haien ondorengoek —senitartekoak eta politikoak— egin dituzten ahaleginak orduko hura ezkutatu, aldarazi eta ukatzeko.
Lehen atal nagusia —Vista general— kostata irakurri dut, nahasia eta subjetiboegia aurkitu baitut, baina hortik aurrera bala bat moduan egin dut aurrera, zuzen eta eten barik, interesak eramanda. Oraindik ere harrituta nago ikusita Nafarroan zelako triskantza eta jazarpena antolatu zuten, aintzat hartuta bertan faxistak nagusitu zirela eta gerra beste nonbaiten zegoela. Baina erretagoardia akojonatuta eduki beharra zegoen, hori zen Mola jeneralaren hasierako asmoa:
- “Es necesario crear una atmósfera de terror, hay que dejar sensación de dominio eliminando sin escrúpulos ni vacilación a todo el que no piense como nosotros. Tenemos que causar una gran impresión, todo aquel que sea abierta o secretamente defensor del Frente Popular debe ser fusilado”.
Hori orduan. Baina gaur egun ere, oso zaila da Nafarroan orduko desmasien datuak atera eta izenak kaleratzea, berrogei urtez agintean egondakoak arduratu ziren-eta halakorik gerta ez zedin, ez orduan, ez eta trantsizioa ezkero igarotako urteetan ere.
Liburuan zehar pertsona asko eta askotarikoak agertzen dira. Goi mailako faxistak —Mola, Sanjurjo, Soltxaga…—, haien morroiak —Garcilaso, Iribarren, Maiz…—, matoiak, elizgizonak, biktimak, sasi historialariak… Liburua potoloa da, 507 orrialde, eta blog bat dauka, El Escarmiento izenekoa, haren osagarri. Gaia interesatzen bazaizue, irakurri, lagunduko dizue-eta gure historia hurbila —eta gaur egungo egoera— hobeto ulertzen.