Komunikazioaren ikuspegitik, WhatsApp aplikazioa izan da azken aldian gure familian gertatu den fenomenorik aipagarriena. Talde bat sortu dugu Bego emaztearen partekoekin, eta beste bat nire adarrekoekin. Eta talde biak bizi-bizi ari dira lanean, elkarren berri ematen.
Posta elektronikoan genituen familia-taldeak bigarren mailara igaro dira WhatsApp-ek erakusten duen bat-batekotasunaren ondoan. Familian denok dugu telefono aurreratua —batzuek aurreratuagoa eta beste batzuek apalagoa, baina denak dira smartphone mailakoak—, eta horrek aukera asko eskaintzen dizkigu, posta elektronikoak ematen ez dizkigunak. Komunikazioa merkatu egin da, eduki aberatsak erabil ditzakegu (testua, irudiak, audioa, bideoa…) eta bat-batekoa bihurtu.
Bego, adibidez, ezin poziago dabil aplikazioarekin, orain une oro komunika daitekeelako Miren alabarekin, doan. Bestetik, familiari dagokionez, momentuan ikus dezakegu nor non dagoen, eta zer egiten, oporretan esate baterako. Egoerak ere familian partekatzen ditugu: batek beka bat lortu duela, besteak gida-baimena atera, edo miaketa medikuan emaitza onak izan dituelako, animoak eta zorionak trukatzen ditugu etengabe.
Talde bietan euskara erabiltzen dugu, baina idazteko moduak diferenteak dira bietan: batean testua da nagusi; bestea, ordea, emotikoiz beteta agertzen da, testu gutxiagorekin. Eta orduei dagokienez, ikasten ari gara ordu jakin batzuetatik aurrera ez dela komeni mezurik bidaltzea taldera, larrialdietan izan ezik.
Erabili, geuk ere erabiltzen dugu. Eta aipatzen dituzun abaintalekin, besteak beste.
Dena den, doan ere ezta: smartphoneak konexioa behar du, programatxoagatik ordaindu behar izan da (eta horrek erabiltzaile batzuk uxatu egin zituen)…