“Nor zen Elvira Madigan?”, galdetu diot nire buruari behin baino gehiagotan, autoan melodia eder hori entzun bitartean. “Zer nolako emakumea zen, Mozart handiari halako musika ateratzeko?”. Gauzak, ostera, ez ziren horrela gertatu, Elvira Madigan Mozart bera baino ia mende bat geroago bizi izan baitzen. Nolatan orduan?
Mozartek 1785ean sortu zuen Pianorako 21. kontzertua. Ia mende bat geroago, Elvira Madigan (1867−1889) daniar akrobata gaztetxoa Suedian zebilela, Sixten Sparre kondeaz maitemindu zen. Garai haietarako ezinezkoa zirudien haien arteko maitasunak, kondea ezkonduta baitzegoen, bi seme-alabarekin, Elvirak 19 urte zituela. Hiru urte ezkutuka ibilita, Danimarkara egin zuten ihes, baina bertan bi aste igaro ondoren, esku hutsik geratu ziren. Hilda aurkitu zituzten baso baten ondoan. Dirudienez, jan ondoren, gizonak arma atera, eta hil egin zuen Elvira. Ondoren, bere buruaz beste egin zuen.
1967an film bat egin zen, Elvira Madigan, istorio horretan oinarrituta, eta bertan Mozarten pianorako 21. kontzertuko bigarren mugimendua erabili zen hots bandatzat. Harrezkero, melodia horri Elvira Madigan esan zaio, anakronismo nabarmena. Horra entzungai.