Atzo amaitu ziren Kataluniako hauteskundeak, azken urte hauetako garrantzitsuenak, seguruenik. Emaitzez gain, kanpaina honek primeran erakutsi digu estatuek zelako indarra daukaten eta zelako baliabideak erabiltzen dituzten euren izaera aldatu nahi duten guztien kontra, batez ere informazioa manipulatuta.
Izan ere, gaur egun Mendebaldean estatuek ez dute premiarik armada kalera ateratzeko, ez lehen mehatxuan behintzat. Gaur egun, egiteko hori hedabideen esku uzten da. Gertatu zen “Brunete mediatiko” harekin Ibarretxeren garaian, eta gertatu da Kataluniarekin orain.
Zaila denez hedabide guztiei jarraipena egitea (telebista, irratia, Internet…), oraingo honetan baliatu naiz Pinterest aplikazioaz, ikusteko zelan inplikatu diren Espainiako zenbait egunkarik hauteskunde kanpainan. Horretarako, gorde egin ditut Pinteresten Espainiako hiru egunkariren portadarik esanguratsuenak, gaur egun espainiar nazionalismoa argien erakusten dutenak: ABC, El Mundo eta La Razón, zeren El País egunkariak beste modu batean jokatu baitu, ez portadak erabilita, baizik eta iritzi artikuluak, gehienak independentziaren kontrakoak.
Hizkera erasokorra
Joxe Azurmendik dioenez Barkamena, kondena, tortura liburuan, “Hizkeran jarrerak ikusten dira; jarreran, mentalitateak” (11. or.). Espainiako egunkariek oso hizkera gogorra erabili dute izendatzeko Kataluniako nazionalisten jokaera:
- Desafío soberanista (El Correo)
- Aventura independentista (El Mundo)
- Delirio independentista (La Razón)
- Aquelarre soberanista (ABC)
Hortik hasita, denetik esan zaie katalan independentzia zaleei Espainiako hedabideetan: ustel, xenofobo, nazi, faxista, ero, totalitario, gaixo… Kontraposizioz, ABCk aldarrikatu zuen “La España que queremos en este siglo XXI”, bertan erakutsita Iker Casillas eta Xavi Hernandez futbol jokalariak Asturiasko Printzearen saria jasotzen. Kirola ez omen da nahastu behar politikarekin, baina estiloz eginez gero, antza, balio du.
Fouché Katalunian
Kasurik deigarriena El Mundo egunkariak ateratako salaketa izan da. Argitu gabeko txosten batean oinarrituta —ustez Espainiako poliziak egina, baina inork ikusi ez duena, PJ. Ramirezen jendeak izan ezik— akusatzen zituen Mas, Pujol eta beste hainbat buruzagi diru beltza izateaz Suitzako zenbait bankutan.
Joseph Fouché Frantziako poliziburu iraultzaile-monarkiko-oportunistaren estiloan egindako operazioa izan zen: zelan edo halan, zikindu etsaia galbidean jarri arte, eta gero gerokoak. Horrek esan nahi du El Mundo-k egin duela bere lana, bonba mediatiko bat jarrita kanpainaren erdian. Orain estatuak egingo du berea, eragotziz El Mundo-k kalterik jasotzea egin duen azpikeriagatik.
Hemen zenbait egunkari baino ez ditugu aipatu. Egin kontu baina, TVE, T5, Intereconomía, Cope, SER, Punto Radio eta beste hedabide askok ere parte hartu dutela kanpainan, eta orduan konturatuko gara estatuak zelako indarra daukan kasu honetan Kataluniako iritzi publikoa manipulatzeko.
Testuinguru horretan, erabat zerutiarrak iruditzen zaizkit joan den ostegunean, hilak 22, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidente berriak esandakoa: “Legebiltzarrean akordio zabala lortzen badugu, Madrilek nekez botako du atzera”. Jakingo ez bagenu bezala orain bi urte katalanei zer gertatu zitzaien estatutu proiektuarekin, berau oso akordio zabalean oinarritua.