Goiz osoa Galdakaoko Ospitalean eginda, zama berezia etxeratu nuen atzo bizkar zorroan: “serum autologoa”. Beste hitz batzuekin esanda, suero edo gazur autologoa. Zer den hori? Nire odoletik ateratako seruma, hemendik aurrera erabil dezadan kolirio moduan, nire begiak osatzeko. A, zelako aurrerapenak. Ni ere harrituta nago, eta sekulako ilusioa eman dit lehen tantak botatzeak, ea tratamendu horrek osatzen dizkidan azken urte eta erdian begietan izandako arazoak.
Hiru hilabeterako kargamendua eman didate, 27 flasko serum, hiru poltsatan banatuta, argazkian ikusiko duzuen moduan. Flasko bat izan ezik, gainerakoak izozkailuan gorde ditut. Bestea, berriz, hozkailuan, hurrengo hiru egunetan berau erabiliko dut-eta, nire begiak egunean bost aldiz bustitzeko. Serum hori hotzean gorde behar denez, hemendik aurrera poltsa berezi bat daramadala joango naiz lanera, bertan dagoen flaskoa hotz gordetzeko. Horrek esan nahi du aurrerantzean, edonora noala, ikasi behar dudala aldean beti horrelako poltsa bat eramaten.
Azken irtenbidea
Azken urte eta erdian arazo asko izan ditut begietan, antza denez kimioterapiak eraginda, horren ondorioz, begiak oso lehor geratu zaizkit-eta, malko gutxirekin. Konjuntibitis gaitza harrapatu dut hainbat aldiz, eta esan liteke berau kronifikatu egin zaidala. Ondorioz, okerrago ikusten dut lehen baino, eta zikinago. Hori konpontzeko, hainbat tanta mota erabili ditut: kolirio arruntak eta kortikoideak dituztenak, premien arabera. Baita antibiotikoak ere, blefaritisak begietan eragindako gantzen bakterioak hiltzeko.
Sendabide horiek nahikoa ez-eta, Galdakaoko oftalmologoak erabaki zuen serum autologoa probatuko genuela, ikusteko ea horrekin begiak osatzen zaizkidan, zeren serum horrek bitaminak, mineralak eta beste gai asko ditu —denak nireak, seruma bera neure odoletik aterea delako—, gainerako tantek ez dituztenak.
Flasko serum bakoitza hiru egunez soilik erabil dezaket, egunean bost aldiz. Horrela, hiru hilabetez. Aldi hori igarota, oftalmologoak erabakiko du zer egin: tratamendua eten ala aurrera segitu, emaitzen arabera.
Esperientzia berezia
Ikusminak jota joan nintzen atzo Galdakaoko ospitalera, ez nekien-eta zenbat odol aterako zidaten hainbeste serum egiteko. Bederatzi hodi atera zidaten, eta, zelan ez dakidala, hortik 27 flasko serum atera zituzten bertako laborategian.
Odola atera zidan erizainak oso adeitsu adierazi zidan bere alabak ere serum autologoa erabiltzen duela, eta, edonora doala, poltsa hotz batekin joaten dela, bertan eramateko seruma. “Zu ere ohituko zara, ikusiko duzu”, esan zidan. Eguerdia igarota, joan nintzenean Oftalmologiara seruma jasotzera, harri eta zur geratu nintzen hiru poltsatsoak jaso nituenean txukun-txukun Osakidetzaren poltsa batean, eta orri bat zenbait gomendiorekin. Eta gogora etorri zitzaidan, bere muga eta guzti, osasun sistema publiko ona dugula EAEn, eta ezin dugula utzi berau desegiten, bankarien eta politikarien zorrak ordaintzeko.