Egun hauetan Tyler Hamilton txirrindulari ohi estatubatuarraren liburu bat irakurri dut, The Secret Race, berau interesgarri bezain ikaragarria, modu gordinean argitzen baitu nazioarteko txirrindularitzaren estoldetan zelan erabiltzen den dopina botere harremanak nor beraren interesetan irauli, ospea lortu eta negozioa egiteko. Eta hor, capo bat nagusitzen da, Lance Armstrong, zeinak hariak mugitzen baititu, Tony Soprano fikziozko mafiosoa bailitzan.
Liburua joan den hilean argitaratu zen, eta, berez, Daniel Coyle kazetariak idatzi du, Tyler Hamilton eta beste protagonista askoren adierazpenetan oinarrituta. Liburua oso ondo idatzita dago, zehaztasun handiarekin, eta irakurtzen da eleberri beltzik onena bezala, liburu on batek behar dituen elementuak baititu. Kontua da hau ez dela fikzioa, bizitza errealean dago-eta oinarrituta.
Liburuak kontatzen du Tyler Hamilton zelan hasi zen txirrindularitza profesionalean, zelan etorri zen Europara, eta zelan sartu zen dopina erabiltzen, konturatu zenean beste guztiak dopatu egiten zirela, eta nahi bazuen goi mailara iritsi, berak ere horixe egin beharko zuela. Horretan, eskrupulurik bako zuzendari, mediku, txirrindulari eta agintariak agertzen dira kontakizunean. Baita mediku euskaldun bat ere, Pedro Zelaia, zeinaren eskutik Hamiltonek adierazten du hasi zela erabiltzen testosterona eta EPO, lehena esfortzu handietatik bizkorrago errekuperatzeko, eta bigarrena txirrindulariaren errendimendua areagotzeko.
Irudipena dut Tyler Hamiltonek zintzo jokatu duela liburu honetan, erabat biluztu da-eta, hainbat urtetan gezurretan bizi ondoren. Harrigarria da, bestalde, txirrindularitzaren negozioak zelan asmatu duen, behin eta berriro, gu denok sinets dezagun dopina sagar ustel gutxi batzuen kontua dela, zerikusirik ez karrerista gehienekin. Liburuak erakusten digu ezetz, goi mailako kirol hau errotik dagoela ustelduta, besteak beste txirrinduzaleok balentriarik zailenak eskatzen baitizkiegu gure idoloei, eta begiak ixten ditugulako errealitatea gustatzen ez zaigunean.
Lasterketa sekretua irakurtzen ari nintzela, behin eta berriro pentsatu dut zer dela-eta Euskal Herrian inork ez duen idatzi horrelako ezer, gure hedabideetan zergatik hitz egiten den hain gutxi kontu hauetaz.