Batzuetan, eredugarri eta perfektu agertu nahiak galdu egiten ditu politikariak. Igandean, adibidez. Euskal Herriko egunkarien azalak errepasatzen ari nintzela, aho bete hortz geratu nintzen El Correo egunkarikoa ikusterakoan. Bertan Iñigo Urkullu eta bere emaztea agertzen ziren, gosaltzen.
Goizeko 07:00etan senar-emazteak sukaldeko mahaian agertzen ziren, akatsgabe jantzita, kafesnea zerbitzen, batek baso bat ur eta besteak baso bat zumo zeukatela ondoan. Baina mahaiaren erdian, galleten ondoan, han zegoen plater handi bat bete pastel, pasta, kruasan eta enparau. Edozein umeren ametsik zoroenak asetzeko moduko plater handia.
Hala ere, eszenaratzeak faltsua ematen zuen. Horrela gosaltzen da egunero lehendakarigai jeltzalearen etxean? Gozogileak goizeko ordu horretarako ekartzen dizkio pastelak etxera? Eta barruko beste argazkietan, emazteari agur esan ondoren, harrikoa egiten agertzen zen Urkullu, mahukak jaso barik eta akatsgabe jakintza hor ere, ez aurreko amantalik, ez otxokuartorik. Perfektuegi. Hain perfektu ezen ez zirudien egia. Horra zer gertatzen den politikariak —edo berauen irudi aholkulariak— tematzen direnean don perfektu itxura ematen: askok ez diegu sinesten.
Eta ez gaizki ulertu, horrek ez baitu zerikusirik joera politikoekin. Joan den astean Obamaren kritikari batek zioen moduan, hark Romnyrekin izan zuen lehen aurrez aurrekoaren ostean: “This is not politics. It’s performance’. Baina antzezpena baldin bada, gutxienez, sinesgarria izan behar da.