Hamar urte minbizia agertu zitzaidanetik

Dagoeneko hamar urte igaro dira medikuak esan zidanetik minbizia nuela. Hirurogei urte egitekotan naiz, eta atzean geratu dira kimio saioak, hezur-muinaren transplantea eta tronboflebitis pare bat. Gaur egun bizimodu normala egiten dut, baina oraindik ez dira ezabatu esperientzia haren ondorio guztiak.

Joan den asteburuan, ilea mozten ari zitzaidala, esan nion Bego emazteari gaur beteko direla hamar urte minbizia aurkitu zidatenetik. “Dezente hobeto gaude, ezta?”, erantzun zidan berak. Hamar urte zaharragoak gara, baina hobeto bizi gara, bai, batez ere, bizi garelako. Minbiziaren ondorioak gorabehera, urte hauek opari handia izan dira niretzat: aurre egin diot gaixotasunari, Miren hazten ikusi dut, lagun onak egin ditut, eta ikasi egin dut.

Albo kalteak
Behin entzun nion Jesus Larrañaga kooperatibetako sortzailetako bati —berak giltzurruneko transplantea izan zuen urtebete-edo lehenago— esaten zuela transplanteak beti uzten duela albo kalteren bat, handiagoa edo txikiagoa. Eta nire kasuan, horrela izan da. Bi arazo nagusi geratu zaizkit izandako tratamendutik: bai begiak eta baita ahoa ere, idortu egin zaizkit.

Begi idorrak
Hezur-muineko transplantea izan eta hiruzpalau urtera, prednisona kendu zidatenetik, kortikoide bat erretxazo arazoak konpontzeko, hasi nintzen igartzen bai begiak eta bai ahoa oso siku neuzkala. Begiei dagokienez, hainbeste igartzen nuen, zeren hasi behar izan nintzen egunean pare bat aldiz tantak botatzen, begiak bustitzeko, idortasunak konjuntibitis gaitza eragiten zidan-eta. Kontua da, azken urtean, konjuntibitisa ia kroniko bihurtu zaidala. Eta oraindik ez dut konpondu arazo hori.

Aho idorra
Ahoa ere, aldatu egin zait. Lehen baino zurrunagoa daukat, ezin dut berau lehen bezainbeste ireki, eta oso listu, txistu edo tu gutxi sortzen zait. Horren ondorioz, ezin dut ezer minik jan, agur esan diet ozpinetan bustitako entsaladei, eta arazoak ditut ardo batzuk edateko, euron alkoholak erre egiten baitit ahoa. Bestalde, sekula baino hobeto garbitu arren haginak, azken urte eta erdian lau txantxar agertu zaizkit, kariesak. Antza denez, txistu faltak eraginda etorri zaizkit horiek.

Zenbait gautan ere, jaiki behar izaten naiz ohetik, hanketako giharrak uzkurtu egiten zaizkidalako. Eta hala ere, pozik nago, ezin poziago, hemen nagoelako, onik eta osorik, horixe baita inportanteena. Besteak beti izango dira albo kalteak, bigarren mailakoak.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

18 erantzun Hamar urte minbizia agertu zitzaidanetik-ri

  1. egilea: Nahikari

    Gurean ere, zortzi urte amari minbizia diagnostikatu ziotenetik, irailaren 2a zen operatu zutenean. Gaur egun, albo kalteak ditu: hezurrak nahiko txarto ditu.

    Baina bizirik dago/zaude! Hori asko da, eta tristea bada ere, horrelako gaitz bat gertutik bizitzen denean, gehiago baloratzen ditugu bizitzak ematen dizkigun gauza txikiak.

    Zorionak Joxe! Animo!!!

  2. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, Nahikari! Amari ere, animo eta aurrera. Besarkada bat.

  3. egilea: Iñaki Murua

    Eutsi goiari!
    Hamar urte baina seguruenik hamaika urte jakintsuagoak 😉

  4. egilea: 27zapata

    Zaindu Joxe eta aurrera! Orain 10 urte baino hobeto zaudetela diozu gainera. Ospatzekoa da hori. Zorionak ba!

  5. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Mila esker Iñaki eta 27zapata lagunei. Besarkada bat bioi!

  6. egilea: patxi lurra

    Esan dozun moduan: aurre egin deutsazu gaixotasunari, Miren hazten ikusi dozu, lagun onak egin dituzu eta ikasi egin dozu… Eta falta jatzuna bizitzeko eta geuri zeugaz ikasteko, Joxe.

    Mila esker faroa izaten jarraitzearren!

  7. egilea: Aitor

    Zurekin erlazioa dugunoi ere asko eman diguzu Joxe, beraz zure hamargarren urteurrena ere opari handia izan da guretzat.

    Eskerrik asko artikulu bitalista honegatik!

     

  8. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko zuei, nire lagun onak!

  9. egilea: Jozulin

    Hirurogei urte egitekotan? Datozen hirurogeiak izango dira onenak!! 😉

  10. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Luze ipini duzu ikusmira, Jozulin. Gutxiagorekin ere konformatzen naiz. Besarkada bat.

  11. egilea: a.miranda

    Gogoan dut Elorrioko udaletxean “Medikuak esan dit minbizia daukadala” liburua aurkeztu zenuen eguna, Mikel Irizarrekin batera. Eutsi goiari, Joxe. Zure baikortasunak ez dauka mugarik.

  12. egilea: Anonimoa

    Niretzat ere egun berezia izan zen hura. Mila esker.

  13. egilea: Maite

    Hamar atzetik eta zenbat aurretik, Joxe! Eutsi horri!

    Besarkada handi bat. 🙂

  14. egilea: iturri

    Aupa, Joxe!

    Aurrekoan ikusi nuen mezua, baina orduan ezin nuen erantzunen bat utzi.

    Gaur akordatu naiz eta hementxe duzu nire zorion mezua.

    Urte askotarako! Eta besarkada bana emazteari eta alabari.

    Ondo segi!

  15. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Mila esker zuei ere, Maite eta Mikel. Besarkada handi bana.

  16. egilea: Alberto

    Aupa Joxe,

    Hamar urte ez dira alferrik pasa! Orain beste modu batera ikusten da mundua eta minbiziari esker beste bizipen, lagun eta harreman polit asko izan dituzu. Hori da garrantzitsuena.

    Jarraitu bizipoz horrekin eta ea noiz ikusten garen.

    Bitartean, besarkada estu bat.

  17. egilea: Jontxu

    Aupa Osaba,

    Emozioz beterik irakurri dut idatzitakoa.Hamar urte pasatu dira jada, ematen du atzo izan zela…Ikaragarria da izan duzun adorea, guretzat eredu zara.

    Muxu handi bat.

    Maite zaitugu!.

  18. egilea: Anonimoa

    Eskerrik asko, Jon! Zure hitzak bai dira hunkigarriak.

Utzi erantzuna Anonimoa(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude