Atzo iluntzean Bergaran izan ginen, eta bertan oso ekimen originalaren lekuko izan ginen: Beart elkarteak antolatuta, bertako hogeita hamarretik gora artistak —margolariak, eskultoreak, graffitigileak, etab.— hainbat artelan egin zituzten, eta berauek erakutsi Bergaran itxita dauden denda, taberna, auto eskola eta horrelako saltokietan. Bergararrek, gainera, urtebete izango dute artelan horiek ikusi eta gozatzeko. Artea herritarrentzat, herritarrek egina.
Pare bat ordu luze iraun zuen ekitaldiak, artelanak banan-banan erakutsi baitziren, tartean azalpenak, bertsoak eta musika eskainita. Baita pintxoak ere bukaeran, Munibe plazan. Ekitaldi polita izan zen udako ekinozioa ospatzeko, eta ezin hobeto aprobetxatuta Bergaran talentu handiko artistak daudela. Biba zuek! (Argazkia: Ramon Aranzabal, bere lana ireki berritan)