Minbizia duen lagunari

Atzo iluntzean telefono dei bat izan nuen, espero eta nahi ez duzun horietakoa. Asko maite dudan lagun bat zen. “Zer moduz?” galdetu nion nik, alai. Eta berak: “Zuri bezala, niri ere medikuak esan dit minbizia dudala”. Ahotsaren tonua ohi baino serioagoa entzuten zitzaion, baina dramatismo barik. Eta segitu zuen kontatzen joan den asteleheneko miaketak zelako emaitzak eman dituen. Amaitu aurretik, esan nion ezer behar izanez gero, bazekiela non gauden. Patxadaz agurtu genuen elkar.

Geroago, afaldu bitartean, eta buruari buelta asko emanda, pentsatu nuen gutun bat zor niola nire adiskideari, lagunduko ziona egoera testuingururik egokienean ulertzen.

Mezua lagunari
Hitz hauek idatzi nizkion, ohera joan aurretik:

“Eskerrik asko telefonoz deituta erakutsi didazun konfiantzagatik. Ez da ez zuek, ez guk espero genuen albistea, baina ez da munduaren akabera. Bueltak ematen egoerari, puntu hauek nahiko nizkizuke azpimarratu:

  • Albistea ematerakoan erakutsi duzun tenplea. Nirea esan zidatenean, apurtuta geratu nintzen, beldurraren mende. Zuk, berriz, adorea eta dotorezia erakutsi dituzu albistea emateko orduan. Biba zu!
  • Eskerrak erabaki zenuela erretiroa hartu aurretik miaketa medikua egitea. Horri esker, bestela baino dezente bizkorrago antzeman dizute tumorra edo dena delakoa. Eta hori oso inportantea da gerora begira.
  • Familia ederra daukazu, eta prest zu babestu eta zuri laguntza emateko. Ezin giro egokiagoa, beraz, etor daitekeenari aurre egiteko.
  • Orain pausoz pauso joateko ordua da, ezer aurreratu barik alferrik. Antza denez, oraindik medikuek ez daukate informazio guztia tumorrari buruz. Gerorako estrategiak, berriz, informazio horren arabera antolatuko dituzue.
  • Joan prestatzen zure burua gaixotasunari aurre egiteko. Kemena, indarra eta umorea beharko dituzu —eta zuk hiruretatik asko daukazu, zorionez.
  • Laster 10 urte beteko dira medikuak esan zidanetik minbizia nuela. Zorionez, urte hauetan zientziak eta teknologiak aurrerapauso handiak egin dituzte minbiziaren kontra. Orain tratamentuak orduan baino askoz ere hobeak eta zehatzagoak dira.
  • Minbizia gainditu daiteke, eta zuk gainditu egingo duzu, nik gainditu nuen moduan. Zuk eta guk horrela nahi dugulako. Beste barik.

Amaitu aurretik, Albert Camus idazle frantsesaren hitz hauek etorri zaizkit burura: “Ez ibili nire aurretik, baliteke-eta nik ez jarraitzea. Ez ibili nire atzean, litekeena da-eta nik ez lideratzea. Ibili nire ondoan, eta izan nire laguna”.

Maite zaitut”,

Joxe

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude