Unibertsitatean graduatu ondoren, Robert Gleb gazteak ezin zuen albiste txar gehiagorik jasan. Nahi zuen jende inspiratzailea bilatu AEBetan zehar, zoriona eta jarraikitasuna eragingo zuena. Lau lagun elkartu, eta “Bus 52” proiektua jaio zen.
“5 lagun, 52 astebete, 48 estatu, 100 istorio inspiratzaile, eskola bus bat.” Horra gazte talde horren leloa. Bostetik lau estatubatuarrak dira, eta bat, belgiarra; hiru mutil eta neska bat. Irudiak Canon batekin hartzen dituzte, edo eskuko telefonoekin, eta gero Final Cut Pro X erabiltzen dute irudiak editatzeko. Erreportajeak egin ahala, webgunean jartzen dituzte, jendeak ikus ditzan. Horrezaz gain, kanal bat daukate Youtuben, kontu bat Twitter-en (@Bus52) eta beste bat Facebook-en. Baina hori bakarrik ez, modu askotan egin daiteke-eta Bus 52 proiektuaren jarraipena.
Proiektu zoragarria iruditu zait, munduko beste toki batzuetan ere Komunikazio ikasleek egiteko modukoa.
Proiektu polita dirudi Joxe, baina idilikoegia agian. Errealitatean (gure errealitatean) holako proiektu zoragarriak ez dute leku askorik, irteera argirik ez dutelako. Bisita eta jarraipen handia lortu dezakete, noski, baina proiektu erromantiko horrek ez die egileei jaten emango, ez duzu uste?
Hala ere, oso inspiratzailea dela deritzot.
Nik, behintzat, oso inspiratzailea topatu dut, Peio, eta sekulako inbidia eman dit, nik ere gustura asko egingo nukeelako horrelako zerbait. Ikasketak amaitu eta berehala nire parean jarriz gero horrelako aukera bat, dena utzi eta joan egingo nintzatekeen, bat ere duda izpi barik. Nire garaian egin nuen horrelako zerbait. Gaur, berriz, berandu da niretzat, baina ez karrera amaitu berrientzat.
Ez diela jaten emango? Oihartzuna lortzen duten neurrian, babesa ere jasotzen ari omen dira, eta, babesarekin batera, dirua. Eta horrela ez balitz ere, zer inporta dio etxera argalago bueltatuz gero? Besarkada bat.