Gabon gau oparoa izan genuen atzokoa. Ez dakit zelan, 1984an Kanadan zehar egindako bidaia etorri zen hizpidera, eta zehatzago, Escuminac izeneko herritxoa bisitatu genuenekoa. Orduan Idoia koinatak orduko argazki mordoa ekarri zituen, nik aspaldi galdutzat nituenak, eta hantxe zeuden bi argazki hauek. Hauxe da fotografia horien historia txikia.
1984an Bego eta biok Kanadan ginen, Ottawan, bertako familia batzuekin bizitzen eta ingelesa ikasten. Uda hartan Idoia etorri zitzaigun bisitan, Begoren ahizpa, eta, hori zela-eta, abuztuan hamabost egun opor hartu eta Red Bay aldera egin genuen, Labradorrera, ikusteko XVI. mendeko euskal baleazaleen aztarnak. Pontiac bat alokatu genuen, eta hantxe abiatu ginen, kanpin denda batekin, turismoa egiten Quebec, New Brunswick, Nova Scotia eta Ternuan zehar, batzuetan autoz, beste batzuetan ferryz.
New Brunswick probintzia zeharkatzen ari ginela, bat-batean konturatu nintzen gure bidetik 60 bat kilometrora herri bat zegoela kostaldean Escuminac izena zuena. “Hostia, hori izen euskalduna da. Gure bidetik desbideratu eta horra joan behar dugu!”. Denos ados. Halako batean, iritsi ginen Escuminac herrira, eta konturatu ginen herri arrantzalea zela, txikia.
[Eskiúmanak]
Arrantzale batzuk aurkitu genituen, eta haiengana hurbildu gu. Hasi ginen hizketan, eta galdetu genien zelan ahoskatzen zuten euren herriaren izena. Eta haiek, ingelesez: [eskiúmanak]. Orduan guk erantzun genien euskaldunak ginela, eta hitz hura euskara zela, eta esan nahi zuela “regards”, goraintziak.
Hori jakiteak ez dut uste asko inporta izan zitzaienik, baina gu liluratuta geunden. Uste genuen —eta nik ere oraindik horrela pentsatzen dut— oso poetikoa zela Kanadako bazter hartan Escuminac izeneko herri bat topatzea, itsasoaren bazterrean. Bigarren argazkia parke batean atera genuen.
Hogeita zazpi urte joan dira harrezkero, baina niri sekulako ilusioa egin dit argazki hauek berreskuratzea. Mila esker, Idoia!
Itzela…
kanadara joateko ametsa duen Amezketarra naiz ni, 1984ko urte hurrun hartan jaioa gainera, eta bizkarrezurrean bera hotzikara sentitu duena artikulua ikusita.
Eskerrikasko