Agur Google Notebook. Ongi etorri Evernote

Orain dela gutxi irakurri nuenean hilabete barru, hor nonbait, Googlek kendu egingo zuela Notebook zerbitzua —orain bi urte ere konpainia amerikarrak adierazi zuen ez zuela gehiago garatuko aplikazioa— alternatiba sendo baten bila hasi nintzen nire memoria birtualerako, zeren azken urteotan Google Notebook erabili baitut, bertan gordetzeko txuletak, ideiak, etab., etab.

Aurkitu ere, laster aurkitu dut alternatiba: Evernote. Instalatu dut nire laneko PCan eta eskuko telefonoan. Etxeko ordenagailuan, berriz, macintosh zahar bat, ezin izan dut aplikazioa ezarri. Horren ordez, Evernoten gehigarri bat jarri dut mac-aren Firefox nabigatzailean. Bide batez, Evernote hainbat hizkuntzatan aurki daiteke, tartean gaztelaniaz, katalanez eta galizieraz, baina oraindik ez euskaraz.

Poliki-poliki, hasi naiz informazioa aldatzen Notebooketik Evernotera. Honek ere hodeian gordetzen du informazioa, eta berau edonondik kontsulta dezaket: telefonotik edo edozein ordenagailutatik. Bereziki harrigarria egiten zait bertako informazioa HTC Desire telefonoan kontsultatu ahal izatea, ikusita batez ere bertan zer txukun eta dotore agertzen den.

Nire memoria birtualak sendo dirau, hortaz. Makulu paregabea nire beste oroimen gero eta ahulagorentzat.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

2 erantzun Agur Google Notebook. Ongi etorri Evernote-ri

  1. egilea: Jontxu

    Aupa Joxe!

    Ez nuen Evernote ezagutzen, baina ezin ukatu itxura ona duenik. Nik funtzio horretarako Dropbox erabili ohi dut. Ezagutzen duzu azken sistema hau? zein gomendatuko zenidake bietatik?

    Izan ere, oso erabilgarria suertatze da memoria digitala, etxeko eta laneko ordenagailuetan artxiboak elkar-konektatuta eta eguneratuta edukitzen laguntzen baitu. Edonorentzat benetan baliagarria.

    Ea ongi moldatzen zaren zure memoria zerbitzu berriarekin, Joxe!

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, Jontxu! Badut Dropbox-en berri, dagoeneko hiru urte baitaramat berau erabiltzen, oso gustura, gainera. Dropbox erabiltzen dut 1) Argazkiak, bideoak eta pisu handiko dokumentuak konpartitzeko hainbat jenderekin, eta 2) Hainbat dokumentu partekatzeko etxeko eta laneko ordenagailuen artean.

    Evernote, berriz, erabili nahi dut nire memoria digital gisa, bertan gordeko baitut nik gogoratu beharreko informazioa. Nik, behintzat, horrela nahi ditut erabili zerbitzu bi hauek. Besarkada bat.

Utzi erantzuna Jontxu(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude