Gutun irekia Xabi Alonsori

Ez dugu elkar ezagutzen Xabi. Hala ere, joan den asteazkeneko finala ikusita eta zure ondorengo adierazpenak entzunda, animatu naiz gutun ireki hau idaztera, ez bainago bat ere ados azken aldi honetan jokatzen ari zaren rolarekin, zure taldearen indarkeria zuritzen, zurea barne.

Hasteko, esango dizut beti mirestu izan zaitudala, bai jokoagatik eta baita zelaitik kanpo erakutsi duzun portaeragatik. Liverpoolen zale egin nintzen zeu bertan ari zinenean, eta zuekin batera emozionatu nintzen Champions hura irabazi zenutenean, Milanen kontra. Poztu nintzen, halaber, Real Madrilek hartu zintuenean, ulertu bainuen zuretzat pauso bat gora zela. Jakizu, gainera, txikitan nik ere mirestu nuela Real Madril, Di Stefano handia eta Josetxo Arakistain atezain euskaldunaren garaian.

Gaurko garaietara itzulita, negargarria iruditzen zait iaz ezkero erakusten ari zareten portaera. Indarkeria erreibindikatzen duzue (“El futbol es para hombres” aldarrikatu zuen Mourinho misoginoak), eta biolentzia erabiltzen duzue jokoan, batez ere Barçaren kontra, gaur egun Real Madril baino hobea den taldea. Azken txapelketako hondar partidak eta Superkopakoak horren erakusgarri izan dira: muga-mugan jokatzen duzue (Khedirak Abidali buruan emandako ostikadak antz handia zuen De Jong-ek zuri Hego Afrikan bularrean emandakoarekin), presionatu egiten dituzue arbitroek zuen indarkeria normaltzat jo dezaten, eta ausartzen direnean zuetako bat zelaitik egozten, sekulakoak eta bost esaten dituzue.

Superkopa honetan —Pepe, Khedira eta Marcelo ez ezik—, zeu ere ikusi zaitut egurra ematen lotsa barik, eta indarkeria justifikatzen. Are gehiago, azken partidaren ostean erakutsi nahi izan zenuen talde bien errua izan zela gauzak gaizki amaitu izana. Bada sentitzen dut, baina ez. Marcelorena ez dago justifikatzerik. Ezta Mourinhoren erasoa ere. Eta arbitroak atera zituen txartel gorri guztiak ondo aterata egon ziren, nahiz eta, seguruenik, ez ziren nahikoak izan.

Kosta ahala kosta nahi duzue irabazi (bitartekoek justifikatzen dute helburua: tituluak; horixe da zuen mantra orain), eta galtzen baduzue, kosta ahala kosta saiatzen zarete bestearen garaipena zikintzen, batik bat aurkaria Barça baldin bada. Horregatik antolatu zenuten azken iskanbila eta ez zineten geratu zelaian, ikusteko txapeldunek zelan jasotzen zuten garaikurra. Shame on you!

Bide arriskutsua hartu duzue, Xabi, zuen jarrerak indarkeriaren eskalada baitakar. Eta hortik segituz gero, zerbait larria gerta daiteke. Pena sentitzen dut, ikusita zu ere Mourinhoren pretoriano bihurtu zarela. Madrilen inork ez dizu horrelakorik esango, edozer onartzeko prest baitaude titulu distiratsuren bat lortzearren, baina, nik, behintzat, horrela ikusten ditut gauzak.

Zaindu, gaizki esanak barkatu, eta ondo esanak kontuan hartu.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

7 erantzun Gutun irekia Xabi Alonsori-ri

  1. egilea: Trintxerpe

    De Jong-en ostikoa eta Khediraren joko arriskutsuak ez dute inolako antzarik, intentzioarekin hasiz eta emaitzarekin bukatuz. Mesedez, ez erabili demagogia hain modu arinean. Futbolean aritu den edozeinek badaki hori.

  2. egilea: zalantzan

    Ez nator erabat ados zurekin. Izan ere, egia da Marceloren sarrera beldurgarria zigortzeko modukoa dela, eta noski, baita ere, Mourinhoren eraso justifika ezina. Baina bi ekintza puntual horietaz aparte, ez dut uste Real Madrileko jokalariek indarkeria bereziki erabiltzen dutenik, gainontzeko taldeek erabiltzen dutena baino gehiago. Eta liskarraren kasuan, Marcelok eginiko sarreraren ondorio bada ere, bi taldeetako jokalariek liskar hori bilatzen dutelako gertatzen da, eta ez, sarrera beraren ondorio natural bat gisa.

  3. egilea: borja

    Guztiz ados zurekin… Naparra izanik, errealazalea izan naiz Arkonadaren jantzia oparitu zidatenetik, ta Xabi Alonso mirestu dut betidanik… Baino gauzak aldatu dira. Igandean Alexixekin izan zuen tirabira jokaldi batean, non Alexixek etzuen ukitu ere egin, ta Xabik kriston umoretxarra azalarattu zuen, penagarria… Ondoren berak 2 edo 3 sarrera gogorrak eginez… Hau ez da gure Xabi Alonso maitea.

  4. egilea: efraingomez

    Ados, zure iritziekin.
    Mourinho Bartzelonan esan zuen “el futbol es para HOMBRES”. Zer adierazi nahi izan zuen, Bartzelonako jokalariak ez zirela HOMBRES? Bartzelonako futbolariak ez direla benetako futbolariak? Munduko futbolaririk onena: Messi, eta munduko bederatzi txapeldunak ez direla ez gizonak ez eta futbolari onak ere?

  5. egilea: nbg

    frankismoak asmatu eta montatutako espainiar ligara inor eluke azaldu behar, zeren ematen du gu espainiako parte garela ; hor esait eko montatutako selekziotara bakarrik joan beharko lukete gure kirollari guztiak ,eta bestea elgar engainatzea da

  6. egilea: pello

    Egia da Marcelok lehenago ikusi behar izan zuela aldagelako bidea eta mugako sarrera gehienak zuriek egin zituztela, baina Madrileko jokalari guztiak joko bortitzarekin nahastea ez da bidezkoa. Era berean, egia da Alves-ek esajeratzen duela, baina antzerkia denek egiten dute; adibidez, Di Maria-k kroketarena egin zuen Iniestak egindako sarreran. Bertzalde, Xabi Alonsori egiten ahal dizkiodan kritika bakarrak dira, alde batetik, adierazpen desegokiak eta, bertzetik, Espainiako selekzioan jokatu izana. Ez, bertzerik.

  7. egilea: ARRI

    Ez dut ulertzen nola ausartzen besteengatik hola idazten ez ba duzu ezagutzen.

    Ez dut ulertzen nola juzgatu dezakezun bete pertsona baten izaera.

    Ez dut ulertzen zure jarrera honekin zer lortu nahi duzun.

    Ez dut ulertzen zergatik Xabi Alonsok, zuk nahi duzun bezalakoa izan behar duen.

    Ez dut ulertzen hainbat gauza eder izanik mundu honetan, kritikan eta odol mintzeko zure jarrera.

    EZ DUT ULERTZEN nola izan daiteken pertsonaren burmuina zurearen parekoa.

    EZ DUT ULERTZEN!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude