Gaurko egunez, orain zortzi urte, hezur-muinaren transplantea egin zidaten Valdecillako Ospitalean, Santanderren. Ia urtebete lehenago linfoma bat aurkitu zidaten, minbizi mota bat odolean zabaltzen dena, eta kimioterapia ziklo oso bat egin ondoren, medikuek erabaki zuten hezur-muinaren transplantea egitea, emaitza hobeak lortze aldera. Zorionez, familian bertan aurkitu nuen emailea: Fatima arreba.
Bakar-gela batean nengoela, Valdecillako Ospitalean, eguneroko bat idatzi nuen koaderno batean. Egun hartan, honako ohar hauek idatzi nituen:
- Ondo egin dut lo, baina gosaldu ondoren, larri.
- 10:30ean, transplantea: hiru poltsa.
- Begotxu 10:05etan iritsi da.
- Lehen poltsarekin, berotasuna aurpegian.
- Ni, etzanda. 3-4 aldiz hartu didate tentsioa.
- Bigarren eta hirugarren poltsekin, arazorik ez.
- Guztira, 20 bat minutu iraun du transplanteak.
- Logura, aurrez hartutako botika batek eraginda.
- Lo egin dut bazkal ordura arte.
- Polito bazkaldu dut.
- Siesta eta lo. Deskantsaturik jaiki naiz.
- Apur bat afaldu dut. Polito.
- Kostatu egin zait lokartzea, deskantsatuta bainengoen.
Aspaldiko Joxe! Besarkada handi bat, pozten naz ba 8. urteurrenaz.
Mila esker, Patxi, aspaldiko! Egun eta urte bakoitza opari bat izan dira. Besarkada bat.