Igande gehienetan, bazkaldu ostean, osteratxo bat egiten dugu Gazeta auzoan, Elorrion. 2.840 metro gorabeheratsu izaten dira, baina oso politak, beti dugu-eta ezusteko atseginen bat. Joan den igandean bezala, Barrutieta aldean asto hauek ikusi genituenean, lasai-lasai belarra jaten, tartean astakumea ere bazela.
Etxera iritsi nintzenean, Ipui antzeko hartu nuen esku artean, Mikel Zarateren liburu ederra, eta bertan Ekidazuko astasendia irakurri nuen, ipuin mingotsa bezain ederra.
Postdata: Beste asto bat ere etorri zitzaidan gogora, Platero, Juan Ramon Jimenezek aspaldi sortutakoa. Hona hemen lehen paragrafoa, Platero eta biok euskarazko bertsiotik hartuta, Patxi Ezkiagak itzuli bezala:
- Platero ttikia da, iletsua, leuna; guztiz biguna kanpotik, erabat kotoizkoa dela, ez duela hezurrik emateraino. Bere begietako arbeltxezko ispiluak bakarrik dira gogorrak, kristal beltzezko kakalardoak balira bezala.
Bingen Ametzagak, berriz, 1953an horrela euskaratu zuen Platero eta biok lanaren lehen paragrafoa, Montevideon bizi zela, Urugain:
- Txiki, iletsu, leguna da Platero; azalez hain biguina ta dana linaberazkoa dala, hezurrik ez daukala esan liteke. Haren begien azabatxezko ispiluak bakarrik dira gogorrak, bi leiarrezko kakarraldo iduri.
Oso argazki polita eta oso familia aglutinatuta 😉
Mikel Zarateren oroimena eta erreferentzia eskertzen dizkizut: irakasle bezala eta pertsona moduan gizon handia zen Mikel; eta idazteko Ekidazuz eta bizitzaz sentsibilititate handiko pertsona.
Ez zait bururatzen gauza hobeagorik zure postak ekarri dizkidan sentipen-oroimenak eskertzeko, Lekeitioko esaldi hau jartzea baino:
Eskerrik asko, Mari Belasko
Ondarrun dago…. astorik asko! 🙂
Josi