Atzo Angiozarren izan nintzen, Bergaran, bertan lurperatu zuten-eta Rufina Zubierrementeria, Zabaleta baserrikoa, emakume berezia inondik ere: irekia, alaia, eskuzabala… Laurogeita hamalau urterekin hil zen, eta, albistea jakin bezain laster, erabaki nuen hara joan behar nintzela, Rufinari agur esatera. Elizara iritsitakoan, bertan sartu nintzen, meza hasita zegoen-eta.
Eliza barruan, gogoak ekarri zidan bezperan ikusitako filma, Creation. Bertan ikusten zen zelako drama bizi izan zuen Charles Darwin-ek eboluzioaren teorian barneratu ahala, teoria hark albo batera uzten baitzuen Jainkoa, ezinbestekoa, bestalde, bere emaztearen bizitzan. Bitxia izan zen, zeren abadeak ere gogoan izan zuen Darwin, birritan aldarrikatu baitzuen Jainkoaren egitekoa mundua sortzerakoan, eta birritan baztertu eboluzioaren egitekoa.
Elizkizuna amaituta, autorantz nindoala euripean, Rufina zenaren erretratoa ikusi nuen eskela batean, horman, eta haren irribarrearekin itzuli nintzen etxera, Darwini erakusten nizkion bitartean gure arbasoen parajeak.
Azkarra, abadea. Birritan ukatzea nahikoa iritzi zion. Hirutan, arriskatua… badaezpada oilarrak kukurruku!
Ai, kristautasunaren anekdotario hori botatzen dut faltan neure semeen formakuntzan: ez dotrina, baizik eta kulturilla orokorra.
Apaizak kreazionismoa ez zuen aipatuko, ala?
Dinosaurioak eta gizakiak elkarrekin bizitzen eta guzti hori…!
Abadeak ez zuen zuzenean Darwin aipatu, ez eta kreazionismoa edo dinosauroak ere, baina garbi zegoen nor zuen gogoan: “Esaten dute mundua orain milioika urte hasi zela…”.
Bestetik, egia da, Luistxo, gure seme-alabak galtzen ari direla erlijioen inguruan dagoen kulturilla hori, bataiatuak eta bataiatu gabeak berdin. Kultura orokorrarekin ere badator hori, hala ere.