Aurten ere astebete egin dugu Benidormen, igandetik igandera. Iaz gustura ibili ginen han, eta aurten, errepikatu nahi izan dugu esperientzia. Oraingoan hotel apal batean izan gara, Hotel Internacional izenekoa. Oinarrizko zerbitzuak eskaintzen ditu, prezio onean. Eragozpen bakarra, gauak: gure logelak alde zaharreko kale nagusira ematen zuenez, sekulako zarata nozitu behar izan dugu. Bestela, ondo.
Goiz jaiki eta lasterka egitera joaten ginen Sartaldeko hondartzara, 40 bat minutu joan-etorrian. Ondoren, luzatze-ariketak, dutxa eta gosaltzera. Ordenagailua hartu eta liburutegira, apur bat nabigatu eta irakurtzera.
Lagunekin elkartu eta txikiteoan ere ibili gara, neurriz, badaezpada ere. Txokolatea eta txurroak ere probatu ditugu, onak. Baita Asturiasko sagardoa ere.
Atzo itzuli ginen, autobusean hamar ordu eginda, baina entretenituta, asko irakurri bainuen: eguneko bi egunkari, National Geographic azkena, eta beste hainbat aldizkari. Flickr-en ezarri ditut Benidormen ateratako argazkiak, inork ikusi nahi izanez gero.
Behin etxean, sakon egin dugu lo, etenik barik. Ariniketan ere egin dut, baina euripean; zerikusirik ez Benidormeko ariniketaldiekin. Hala ere, pozik, oraindik astebete dut-eta fakultatera itzuli aurretik.