MUniversitas aldizkariak bost urte bete dituela-eta, MUtelebistak erreportaje bat eskaini dio Mondragon Unibertsitatearen paperezko organoari, hementxe ikusgai. Zorionez, parte zuzena izan dut unibertsitatearen komunikazioak dituen hiru zutoinetan: aldizkaria (MUniversitas), webgunea eta Interneteko telebista (MUtelebista).
Atzera begira, gogoan dut hiruretatik bat ere ez genuenean (Interneti zegokionez, fakultate bakoitzak zeukan bere webgunea, hala-moduzkoa), unibertsitateak erabaki zuen, hasteko, paperezko aldizkari bat sortu behar zela, eta ni ez nentorren bat, uste bainuen webguneak zuela lehentasuna, unibertsitatearen irudia eta eskaintza bateratzeko.
Hala ere, nire esku ezarri zuten aldizkaria, nik koordina nezan. Aurrera atera genuen, eta airoso atera ere, etxean talde eraginkorra sortu genuelako (Idoia Peñakoba, Susana Azpilikueta eta Mila Arregi Erredakzio batzordean, nirekin batera) eta Arteman enpresaren laguntza izan baikenuen.
Denborarekin, beste proiektu eta lanetan sartu ahala, utzi behar izan nuen aldizkariaren koordinazioa. Gaur egun Gorka Etxabek koordinatzen du aldizkaria, Arteman enpresatik, eta beste jite bat eman dio. Berak dioen moduan, arreta handiagoa eskaintzen zaie pertsonei. Erredakzio batzordean ere izan dira aldaketak: Mila Arregik agur esan zigun, eta Amaia Aizpuru eta Marian Iñurrategi iritsi ziren. Maketazioan ere, Garbiñe Beitiak egiten ditu maketazio eta diseinu lanak, hasieran Goio Aranak egin zituenak.
Bost urte igaro dira, baina MUniversitasen itxurak sendo dirau, eta horretan zerikusi handia du Lorena Martinez ilustratzailearen lanak, sormen eta kolorez betea.
Bost urte berehala joan dira. Bitarte horretan, aldizkariak bete du bere egitekoa, hasieran nik uste baino dezente hobeto, gainera. Zorionak denoi!