Amazonek dio Kindle 3 irakurgailuan 3.500 liburu sar daitezkeela. Ni ez naiz, ezta hurrik eman ere, marka horretara iristen, baina dagoeneko baditut 155 liburu nire Kindlen. Horietatik, bi erosi egin ditut; gainerakoak, doakoak dira.
Ingelesez 60 bat liburu daukat, denak Kindlen dendatik jaitsiak, doan, aspaldiko liburuak direlako: Charles Darwin, Lev Tolstoi, etc. Beste 25 bat euskaraz dauzkat, Armiarmaren webgunetik jaitsita, horiek ere doan jaits daitezke-eta, ePub edo PDF formatuetan. Eta gainerakoak gaztelaniaz daude, lagun batek pasatuta. Horiek iPub formatuan zeuden, baina Calibre aplikazioaren bidez MOBI formatura pasatu ditut, horixe baita Kindlek darabilen formatuetako bat.
Une honetan bi liburu ari naiz irakurtzen Kindlen, bat ingelesez, eta bestea gaztelaniaz, eta biak eroso irakurtzen ditut, ez dut orria ukitzeko premiarik sentitzen.