2003ko uztail-abuztuetan hiru euskaldun geunden Valdecillako Ospitalean, Santanderren, hezur-muinaren transplantea egiteko: Ramon Ugalde, Carlos Atutxa eta hirurok. Han ezagutu genuen elkar, eta harrezkero, harremanetan izan gara. Urtean behin, gutxienez, telefonoz hitz egiten genuen Gabon gauean.
Atzo, berriz, telefonoz deitu zidaten, esateko larunbatean Ramon hil egin zela. Zur eta lur geratu nintzen. Carlos ere, halaxe, berri txarra eman nionean. Arratsaldean, Usurbilen izan ginen, hileta elizkizunean. Edurne besarkatu, alarguna, eta etxera bidean jarri ginen, hausnarrean bezala, Ramonen heriotza irentsi ezinik.