Atzoko egunez, konpainia on batean, euskaldunik baitzen ez zen lekuan nengoela, fakultateko jantokian, ekarri zuen solasak Julen Gabiria aspaldikoaren izena.
“Non dabil Julen Gabiria?”, galdetu zuen batek. Inork ez zuen asmatu erantzuten. Hiruk aipatu genuen zer gustura irakurri genuen haren azken lana, Han goitik itsasoa ikusten da, orain sei urte argitaratua. Baita haren blogeko artikulu ederrak ere. “Haurra izan zuenetik, ez du seinalerik eman”, beste batek.
Egia aitortu behar badut, faltan sentitzen ditut Julen Gabiria idazlea eta Julen Gabiria blogaria. Bigarrena ezkutatu zenean, pentsatu nuen lehena agertuko zela indar handiagoz, baina kia. Plazaratuko ote da berriro? Nik —eta seguru nago beste askok ere— horixe nahi.
Facebooken dago, Gino Bartaliz koko-jantzita.
Aupa Joxe, aspaldiko
hementxe nago, bai, eta gauza garrantzitsu bat daukat esku artean, apurka-apurka haziz doana, alaba baino garrantzitsuagorik ez baitut aurkitu orain arte.
Bloga utzi nuenean, nik ere uste nuen indarra literaturarako baliatuko nuela, eta bitarte honetan, esate baterako, antzerkian dezente ibili naiz 2-3 urtez, eta azken urte honetan, berriz, itzulpengintzan.
Baina zuk esan bezala, sei urte pasatu dira Han goitik argitaratu nuenetik, eta nik ere igartzen dut badela garaia berriz ere gogotsu hasteko. Eta horretan nabil: sei urtez pilatutako ideiak ordenatu nahian, barruan dudan guztia apurka-apurka kaleratzeko asmoz.
Eskerrik asko zuri eta, modu batean edo bestean, aurrera jarraitzen animatzen nauten guztiei. Ez zarete gutxi, eta nolabait eskertu beharko dizuet egunen batean.
Besarkada handi bat.
Han! bizi da! 🙂
Julen, utzi facebook eta etorri twitter-era. Arren. Eta Mendigurenen izenean, gaixoa Zinemaldiak irentsi du, ekin liburu berriari.
Aupa, Julen! Benetan poztu nau zure erantzunak. Ikusten dut, gainera, baduzula, bai, gauza inportante askoa esku artean, alaba, eta ez duzula literatura alde batera utzi. Sumatzen dut jende asko duzula zain, baina itxarongo dut, merezi du-eta. Besarkada handi bat hiruroi!
LIBURUA, LI-BURU-A!… Txantxa da, ulertzen dizut ederto, Julen, ni ere liluratuta eta erabat harrapatuta bainauka haragizko “proiektu” berriak. Baina guk gehiago nahi dugu…