Bai. Berandu, baina iritsi dira. Gazte berde ginenean, sanisidroak ziren urteko egunik esanguratsuenetakoak guretzat. Batetik, Musakola auzoko jaiak zirelako, gure auzokoak, eta bestetik, eguraldi ona eginez gero, egun haietan irekitzen zelako igerileku dotorea, Union Cerrajerak Mondragoen zuena, beste askoren inbidiarako. Horregatik, deseatzen egoten ginen, noiz iritsiko maiatzaren 15a.
Aurten gogoratu naiz, bai, egun horiekin, baina okerreko arrazoiengatik, asteburuan egindako eguraldi negargarriak horretara eraman nau-eta. Pentsatu nahi dut aurten sanisidroak apur bat atzeratu egin direla, eta astelehena ezkero dugun eguraldi hauxe dagokiela maiatz erdiko jaiei. Hala bada, hala biz, eta ez bada, ora pronobis.
Beste batzuk, berriz, badakigu San Isidroetan zer datorren… eta ez da ona izaten guretako. Normalien fetxa horretatik aurrera gogortzen da polenaren etorrera.
Halaxe da, Iker: nire poza, zure zaputza. Zaindu, eta polenak ez diezazula kalterik egin.