Atzo Eibarren izan ginen, Tagzania zerbitzuen bulegoetan, bertako lagunek erakutsi behar ziguten-eta zelan erabili JOSM editorea Euskal Herria mapeatzeko OpenStreetMap proiektuaren barruan. Guztira hamabost bat lagun elkartu ginen, gehienak adituak eta arituak —Etxebeste anaiak adibidez (beheko argazkian)—, eta gutxi batzuk piperrik ere ez genekienak, baina gogo biziz ginenak zerbait ikasteko —Juan Bautista anaia eta biok, esate baterako.
Pozik irten ginen handik, oso ondo hartu gintuztelako eta, behar izan genuenoi, gidaritza pertsonalizatua eskaini zigutelako. Gure kasuan Mikel ordiziarra eta Dani gasteiztarra izan ziren irakasle adeitsuak. Bestetik, Mikel Lizarraldek eta Gari Araolazak OSM proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkiguten, testuinguru eta baliabide egokiak eskainita.
Etxera iritsi bezain laster, ordenagailua piztu, OSM ireki, eta hasi nintzen ekarpen txikiak egiten Elorrioko mapari, bere garaian Mikel Lizarraldek eta Luistxo Fernandezek landutakoa: tabernak, jatetxeak, dendak, etab. gehitzen. Hasi gara lanean. Mila esker Tagzaniako kideei!