Community Manager, lanbide berria

Hedabide sozialak izugarri
hazten ari dira Interneten, eta horien abaroan sortzen ari dira ogibide
berriak, tartean Community Manager delakoa (CM), alegia, komunitate
kudeatzailea. Twitter-en izan nuen horren berri, eta di-da irakurri
nuen La función del Community Manager izeneko PDFa, iruditu
zitzaidan-eta zerikusi handia izan zezakeela nire lanarekin. Oso
argigarria iruditu zitzaidan. Hona hemen presazko laburpen bat,
interesatzen baldin bazaizue.

Komunitate kudeatzailea
Zer da
baina, CM edo komunitate kudeatzailea enpresa batean? Testuak hainbat
definizio ematen ditu, beti ere Interneten sortutako erreminta
sozialekin lotuta, baina bereziki gustatu zait Connie Benson-ek ematen
duena: “Komunitate kudeatzailea izan behar da enpresaren ahotsa
enpresatik kanpo, eta bezeroaren ahotsa enpresa barruan”. Palmira Ríos
Genetsis enpresakoaren hitzetan, “komunitate kudeatzailea arduratuko da
komunitateak eraikitzen, hazten, kudeatzen eta dinamizatzen ‘marka’ edo
‘kausa’ baten inguruan. Lotura da marka edo kausa eta erabiltzailearen
artean”. Jeneralean Komunikazio edo Marketin departamenduetan kokatzen
da komunitate kudeatzailea.

Egitekoak
Bost puntutan laburbil daitezke komunitate kudeatzailearen egitekoak:

  1. Entzun. Etengabe arakatu behar du sarea, jakiteko zer esaten den gure enpresaz, gure lehiakideez eta gure merkatuaz.
  2. Hedatu
    informazio hori barruan.
    Entzundakotik gauza izan behar da
    informaziorik inportanteena jaso eta enpresa edo erakundearen barruan
    zabaltzeko.
  3. Azaldu komunitateari enpresaren jarrera. Komunitate
    kudeatzailea enpresaren ahotsa da komunitatearen aurrean. Erantzun eta
    hitz egiten du enpresa agertzen den sare sozial guztietan. Halaber,
    artikuluak idazten ditu enpresaren blogean edo gainerako hedabide
    sozialetan.
  4. Liderrak bilatu, barruan zein kanpoan. Enpresa
    guztietan izaten dira liderrak. Komunitate kudeatzailea gai izan behar
    da horiek antzeman eta biltzeko.
  5. Bilatu elkarlanerako bideak komunitatea eta enpresaren artean.

Lanbidearen ezaugarriak
Oraingoz, inon ez da irakasten lanbide horretarako, baina badira zenbait ezaugarri egoki:

  • Gaitasun teknikoak
    • Enpresaren esparrua. Jakin behar du enpresa zertan dabilen.
    • Marketin, publizitate eta erakundeen komunikazioa.
    • Idazkuntza. Ondo idatzi behar du, gustura.
    • “Geek” ukitua. Gustatu behar zaizkio teknologia berriak, Internet eta Web 2.0.
    • Sormena. Sortzaileek aukera handiagoak dituzte jendearen arreta harrapatzeko.
    • Eskarmentua on line komunikazioan. Jakin egin behar zeintzuk diren kanalik egokienak.
    • 2.0 kultura. Barneratu behar ditu 2.0 kulturaren balioak
  • Gaitasun sozialak
    • Hizlari ona. Komunikatzaile ona izan behar da. Jakin behar du entzuten eta erantzuten.
    • Erabakigarria. Bizkor eta egoki erantzuten du.
    • Sustatzailea. Parte hartzea bilatzen du.
    • Enpatikoa. Badaki bestearen lekuan jartzen.
    • Nortasunekoa. Nortasuna du, eta badaki bere iritziak azaltzen.
    • Ulerbera. Baloratu egiten du komunitateko kideen lana.
    • Talde zalea. Badaki taldea koordinatzen, lana partekatzen…
    • Buruzagia. Lideratu egiten du, parte hartzean oinarrituta.
    • Moderatzailea. Saiatzen da giro onari eusten.
    • Piztailea. Pizgarriak planteatzen ditu.
  • Jarrera
    • Baliagarria. Lankide ona da, eta gustatzen zaio besteei laguntzea.
    • Irekia. Ulertu eta estimatzen du aniztasuna. Ez da kategorikoa.
    • Iritsi-erraza. Hurbila tratuan.
    • Beti edo sarri konektatuta. Sarea etxe du.
    • Konektorea. Harremanetan jartzen ditu komunitateko kideak.
    • Berrizalea. Gustuko du azken joerak harrapatzea.
    • Ebanjelaria. Pasioz bizi ditu marka, enpresa eta bizitza.
    • Komunitatearen defendatzailea. Bezeroak eta erabiltzaileak defendatzen ditu.
    • Gardena. Bai arauetan eta baita erabiltzaileekiko berdintasunean.

Berriro diot. Ahal baduzue, jaitsi, inprimatu eta irakurri La función del Community Manager lan hau. Merezi du.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude