Bai, gripe arrunta eta A gripearen txertoez gain —biak hartu beharko ditut, arrisku taldean bainago—, datozen sei hilabeteotan beste sei txerto hartu beharko ditut, jeneralean haurtzaroan hartzen direnak, hezur-muineko transplantea egin zidatenean galdu bainuen immunitatea, txikitan hartutako txertoek emandakoa. Hauek dira gainerako seiak:
- H. influenzae
- Hepatitisa
- Poliomielitisa
- Tetanos-difteria
- Pneumokokoa
- Elgorria-errubeola-hazizurriak
Atzo hasi nintzen programa berezi horrekin, propio pentsatua hezur-muineko transplantea izan dugunontzat, eta atzo bertan eman zidaten lehena: H. influenzae. Lehen txanda honetan lau hartuko ditut, 48 orduko tartearekin batetik bestera. Azaroan izango dut bigarren txanda, orduan errepikatu egin beharko dira gehienak, eta urtarrilean hirugarrena.