Asteartean Prowse familiak —berauen etxean hartu dugu ostatu Vancouverren gauden bitartean— opari galanta egin digu: jai hartu lanean eta Vancouver uhartera eraman gaituzte baleak ikusi eta egun pasa egitera. Cif aita-semeak etorri dira, Janet eta Jan.
Eguneko une gorena arratsaldea izan da, baleak ikustera joan garenean, Victoria hiriburutik mendebalera.
Zodiac ontzi bizkor horietako batean joan gara, astronautak bagina legez jantzita. Ziztu batean joan ere, olatuen gainean salto eta brinko. Halako batean, motorrak geratu eta zain geratu gara, beste ontzi batek ohartarazi baitigu baleak hurbil zeudela. Eta hantxe ikusi ditugu, hasiera urruti samar, eta gero hurbilago, gure ondo-ondotik pasatu diren arte. Bihotza taupa-taupa zebilkigun, ezin sinesturik begien aurrean geneukan ermosura.
Gidariak esan digunez, 75 bat balea izango genituen talde hartan, eta martxa nagian zetozen, atsedena hartzen ibilaldi luzeak egin ondoren. Irten, bizkarra erakutsi eta sartu egiten zuten, noiz edo behin putz handiak eginda. Arrak isats luze eta handiekin, kumeak atzerago. Guztira ordubete eta erdi ibili gara baleak ikusten, arratsaldeko 15:30etan bueltarako bidea hartu dugun arte.
Zorteko izan gara, zeren, esan digutenez, oso gutxitan ikusten baitira horrenbeste balea batera, itsasoa bare dagoela eta eguzkia garbi. Beraz, umeak baino poziago ekin diogu bueltari. Eta atzeratuta genbiltzanez, gidaria egurra eman dio motorrari, eta joaterakoan baino lasterrago itzuli gara, salto handiak eginez. Uju eta aja etorri gara, tarteka oihu galantak emanda, pozik denok ere, egun biribila izan baita.
Arratsaldean, berriz, hirian osteratxo bat emanda, afaltzera geratu gara Prowstarrekin, berriro ferrira joan garen arte. Lasai eta nekatuta etxeratu gara, eskerronez beteta. Gaur baleekin egingo dugu lo.
Eguneko argazkiak ikusi nahi izanez gero, begiratu Flickr zerbitzuan, denak sorta batean daude-eta.
Arratsalde on, Joxe:
A ze inbidia, baleak ikustera joan eta ikusi!! Neu Nueva Escocian
(Kanada) egon nintzenean ez nuen zorterik izan, joan bai baina… Zure argazkiak
ikusten konformatu beharko je, je,
Neu oraindik Arrasaten nago baina datorren astean oporretan joateko
ofertak begira. Gauza interesgarriak ikusi ditut baina… oraindik ezer finkorik
ez.
Beno Joxe, topera aprobetxatu eta… deskonektatu.
Besarkada handi bat.
Onintza
Aupa, Onintza! Zorte handia izan genuen, bai, joan eta halako koadrilla ikuskatzea. Horregatik, eta dena oso ondo irten zitzaigulako, oso pozik itzuli ginen. Edozein leku aukeratzen duzuela ere, zorterik onena opa dizuet. Besarkada handi bat.