Garraio publikoa probatzen

Arrano urdinarenkin
Astelehenean goiz jaiki, ondo gosaldu eta bidean jarri ginen berehala. Eguneko pase bat erosi genuenez, erabaki genuen probatu egingo genuela Vancouverko garraio publikoa. Autobusa hartu, eta hirigunera joan ginen. Han Robson kalea hartu, eta aspaldiko lekuak ibili genituen, Mireni kontatzen nondik nora ibiltzen ginen.

Halako batean, berriz, itsaro aldera egin genuen, Expo unibertsala egin zutenean eraikitako tokiak ikustera: lorategi ederrak eta pasealeku zoragarria ikusi genuen Canada Place-era iritsi arte. Han, informazioa jaso eta bazkaldu egin genuen leku batean non mundu guztiko jakiak aurki zitezkeen. Guk falafa aukeratu genuen jatea, pita ogian. Gizon batek zerbitzatu zigun, libanotarra bera, Euskal Herria ere ezagutzen zuena: “nongoak zarete, Bilbokoak? Algorta, Leioa edo Barakaldokoak akaso?”. Gu, zur eta lur. Esan zigun anaia bat Irunean bizi duela, eta bera izan dela inguru haietan behin baino gehiagotan. Agur sutsua esanez agurtu gintuen.

Mirenek proba zezan, The Sea Bus hartu genuen, itsasoko busa, Ipar Vancouverrera joateko. Joan-etorria egin genuen, zerbitzu horretan, dagoeneko 30 urtetik gora duena. Ondoren Skytrain delakora joan ginen, Expo garaian egin zuten tren zerbitzu bizkorra, eta New Westminsterreraino egin genuen. Tren bizkorra, garbia eta eraginkorra. Atentzioa eman zigun jende gehiena asiar jatorrikoa dela. Esan ziguten Clif-ek eta Janet-ek, Vancouverren asiar jatorrikoak bizilagunen erdia baino gehiago direla.

Bueltan, Chinatownen geratu ginen, eta oinez egin genuen kalean gora eta kalean behera. Handik, berriz, Gastown aldera, auzo bat ikusgarria, jatetxe, taberna eta arte galeriaz beteta. Hara iritsi orduko, baina, hiriaren aurpegi iluna ikusi genuen, etxegabeak eta heroinaren eta alkoholaren atzaparretan bizi direnak ikusi baikenituen. Tristea, oso, ikustea zelan bizi den jende hori.

Gastown-era iritsi orduko, berotu egiten zuen dezente. Handik kalean gora egin behar izan genuen, gure autobusera iristeko. Berriro Robson ingurura joan ginen, beraz. Arratsaldeko zazpietan iritsi ginen etxera, Euskal Herrian goizeko laurak, porru eginda. Aingeruen pare egin dugu lo. Gaur ere bero egingo du, baina aurpegia alai dugu. Nahi baduzue ikusi argazkiak, gure egonaldian ateratakoak, sorta bat egin dugu Flickr-en.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

2 erantzun Garraio publikoa probatzen-ri

  1. egilea: Aitor

    Joxe,
    Ni duela urte pare bat edo ibili nintzen Vancouver inguruan oporretan, eta zuen bidaiari buruz irakurtzeak oroitzapen politak ekartzen dizkit burura.
    Egia esan, niri Gastown ez zizaidan oso interesgarria iruditu, turistentzako espreski eraikita dirudi. Polita agian bai, baina…
    East Downtown-a niri ere benetan tristea iruditu zitzaidan. Hara joan baino lehen ere entzunda neukan hiriko auzo horrek zuen fama, batez ere Hastings Street-ek. Berez ez dirudi arriskutsua denik hortik ibiltzea, egunez behintzat, baina tristea da horren hiri zoragarriak oraindik ere gune ilun hori edukitzea. Han bizi zinetenean ere horrela al zegoen auzo hori?
    http://en.wikipedia.org/wiki/Downtown_Eastside
    Asiar jatorriko jendea Vancouver-en aspaldi bizi izan dela esango nuke. Bere garaian norbaitek kontatu zidan Hong Kong Txinari bueltan eman ziotenean, hango milaka eta milaka biztanlek Vancouver-en etxea erosi eta hara joan zirela bizitzera. Ba omen da hirian auzo bat “Little Hong Kong” ezizena hartu zuena arrazoi honegatik.

  2. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    1. Egia da, Aitor, Gastown oso turistikoa dela, baina egia da, halaber, iluntzean baldin bazoaz bertara, leku ederra izan daitekeela afaltzeko edo tragoren bat hartzeko.

    2. Gu hemen bizi izan ginenean Hastings kaleak ospe eskasagoa zuen gaur baino. Hala ere, gaur ere tristura ematen du bertan pasatu eta ikusten duzunean zer gaizki ari diren pasatzen bertako etxegabeek. Horretan arrazoi duzu.

    3. Egia da Britaina Handiak itzuli zionean Hong Kong Txinari, hango aberats asko etorri zirela Vancouverrera. Esan didatenez, hango zenbait, itzuli egin ziren gero, ikusita Hong Kongeko gobernuak errespetatu egiten zituela bere ondareak. Gaur egun, hala ere, asiar jatorriko jende asko bizi da hemen, beharbada erdia, nahiz eta azken hau esateko ez nago oso seguru.

    4. Segi gogor, Aitor. Guk ere kontatuko ditugu hemen gure bidaiaren gorabeherak. Besarkada bat.

Utzi erantzuna Aitor(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude