Hiztegi bat sortu da Interneten, Wordnik, oso ondo uztartzen dituena Web 2.0ren baliabideak. Euskaltzaindiko kideei gomendatuko nieke arretaz proba dezaten, ikusteko zer egin daitekeen informazioa libre jartzen denean Interneten, 2.0 garaian hiztegiak uztar baitaitezke beste baliabide batzuekin, direla argazkiak, Twitter mezuak, estatistikak edo prentsatik ateratako aipuak.
Sartzen duzunean hitz bat Wordnik hiztegian —oraingoz ingelesez izan beharko da—, honako informazioa jasoko duzu:
- Definizioak. Hainbat definizio, beste hainbat hiztegitatik jasoak: American Heritage Dictionary, Century Dictionary, Webster’s Unabridged (1913) eta WordNet.
- Loturiko hitzak. Sinonimoak, antonimoak eta beste hitz zenbait, lotura izan dezaketenak bilatutako berbarekin.
- Ahoskera. Hiztegiak aukera ematen dizu entzuteko zelan ahoskatzen den hitz hori.
- Adibideak. Esaldiak eta testuak, hitza testuinguruan ikusteko, berau hobeto ulertze aldera.
- Twitter. Hiztegiak arakatu egiten du Twitter, ikusteko ea bilatutako hitz hori agertzen den mezuren batean.
- Irudiak. Flickr-etik hartutako hainbat argazki erakusten ditu, hitzaren etiketa dutenak.
- Etimologia. Jakin nahi dutenentzat hitzaren jatorria eta bilakaera.
Jakin nahi izanez gero zerbitzu hauek guztiak batera, nahikoa da Summary fitxan sakatzea.
Hona hemen Web 2.0 garaiko hiztegi bat. Begitatzen zait guk ere egin genezakeela horrelako zerbait, baldin eta Orotariko Euskal Hiztegia, Hiztegi Batua eta beste hiztegi batzuk libre egongo balira. Askatu, behingoz, “artxibo sekretua!”.