Ekainaren 3an hitzaldia egin nuen Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluan, Huhezin bertan. Aurkezpena
hitzen osagarri antolatu nuenez, eta berau ikusita bakarrik zail izango
denez han esandakoak asmatzea, laburbildu egingo dut zer esan nuen.
Hasi nintzen hitzaldia Internet merkatuekin konparatzen, merkatuak
elkarrizketak direlako, eta baita Internet ere. Cluetrain manifestua
ekarri nuen gogora, eta zelan Internetetik sortzen ari diren lan
egiteko molde berriak, adibidez, wiki moldea, auzolan global eta lokal
moduan ikusita.
Aztertu nuen zelan egiten duten lan Interneten
arrakasta handia izan duten enpresek, Googlek eta Amazonek esate
baterako, eta, kontraste moduan, konparatu nuenOrotariko Euskal Hiztegiaren kasuarekin. Jeff Jarvis kazetariari jarraituta, galdera
egin genuen: zer egingo luke Googlek bere esku balego Orotariko Euskal
Hiztegia kudeatzea? Galdera bera egin genuen Berria egunkariaren kasuan.
Hortik,
pasatu nintzen 8. probintzia aztertzera, euskara Interneten sortzen ari
den esparrua. Historia apur bat egin nuen, eta iritsi ginen sare
sozialetara eta bideo jokoetara, bi esparru non makal samar gabiltzan.
Euskaltzale
tipologia berria aipatu nuen, jende gaztearen artean sortzen ari dena,
eta Informatikari Euskaldunen Biltzarrean ikus daitekeena. Eta bukatu
nuen merkatuetan berriro, merkatu txikietan. Merkatu espezializatuak
dauden moduan –txoriak, liburuak eta diskoak saltzeko–, sortu behar
dugu beste merkatu bat, esparru bat Interneten euskaldunontzat.
Batzuetan merkatu globalean ibiliko gara, ingelesez, zenbaitetan, erdi
mailako merkatuetan, gaztelaniaz edo frantsesez, eta sarri, gure
merkatu txikian, euskaraz. Gure lana izango da euskarazko hori bizia
eta oparoa izatea, merkatu on guztiak bezala.