“Mundu “pantallagrueliko” batean bizi gara”, hasi zuen aurkezpena
Hasier Etxeberria, Gilles Lipovetsky eta Jean Serroy aipatuta, atzo
arratsaldean Huhezin izan baikenituen Hasier bera eta Mikel Lasa
kazetaria, ZuZeu albistari digitala 1. zikloko ikasleei aurkezten,
Ikus-entzunezko Komunikazioan.
Pasio handiz aurkeztu zuten ZuZeu, nahiz eta oraindik albistaria
probatan dabilen, maiatzaren 14an aurkeztuko baita modu ofizialean.
Sarean izan duen ibilbideaz hitz egin zuen lehendabizi Hasierrek, bere
diagnostikoa ere azaldu zuen euskaldunok zer eskaintza dugun sarean,
eta hortik eratorritako galdera, “nola sortu kalanbre bat lur antzu
horretan?”. Ahalegindu arren, ez zen posible izan proiektu bateraturik
Sustaturekin batera, eta presa zutenez, ZuZeu kaleratu zuten apirilaren
14an.
ZuZeu proiektu horizontal gisa ulertzen dute bere sortzaileek,
tresnarik ahalik eta zabalduena nahi dute-eta euskaldunon artean. Pozik
daude egindakoarekin, ikusten baitute ZuZeu sortze hutsarekin eragin
dutela euskal panoraman. Orain, berriz, jendearen inplikazioa bilatzen
dute, horregatik etorri ziren Mondragon Unibertsitatera, komunikazio
ikasleak inplika daitezen bertan. Esango nuke gure ikasleen arreta eta
interesa, behintzat, harrapatu zutela.