Bernardo Atxaga bada nor Euskal Herrian. Atzo bere azken eleberria aurkeztu zuen Donostian, Zazpi etxe Frantzian. Hori dela-eta, gaur sei egunkarik lehen orria eskaini diote idazleari: Berria, Deia, DV, Gara, Noticias de Gipuzkoa eta Noticias de Alava. Horietatik lauk, gainera, argazki nagusia eman diote, eta beste batek bigarren mailako argazkia.
Hori guztia lehen plaman. Horrezaz gain, barruko orrietan ere leku zabala eskaini diote egunkariek; Berriak, esate baterako, bi orrialde. Kontuan hartu barik atzo telebistek eta irratiek, baita Sustatuk ere, albisteari eman zioten lekua.
Atxaga fenomeno soziologiko bihurtu da gure artean. Zerbait esaten duenean, entzun egiten zaio.
Seguru asko ohiartzun mediatiko horrek izango du gero eragina liburu berriaren salmentan.
Ze, egunkarietan atera baino lehen, ostiralean, Bergarako Etxeparen esan zidaten nahiz eta hiru egun eraman liburuak salgai, bi ale baino ez zituztela saldu. Eta hori pilotxoan atonduta zeudela liburuak, salmenta ugari espero denean moduan.
Dudarik ez, Elena. Marketinaren ikuspegitik, Atxaga da edozein argitaratzaileren ametsa, zeren euskarazko zer beste liburuk lor dezake horrelako oihartzuna hedabideetan? Seguru nago Etxepare liburudendan igarriko dutela asteburuko oihartzuna salmentetan.
Atxaga.org webgunetik, eskerrik asko erreferentzia eta aipamenarengatik. Webgunearen bisitetan ere igarri dugu argitalpen berriaren oihartzuna. Agur bero bat.