Stefan Zweig idazle handiarekin nabil egun hauetan. Oraingoan, Momentos estelares de la humanidad irakurri dut. Prendatuta geratu naiz liburuarekin. 1927an idatzi zuen, baina ez du gaurkotasunik galdu, bat ere.
Liburu honetan Zweig urrundu egiten da historiaren interpretazio ohikoetatik, eta, horretarako, aukeratu ditu hainbat une, 14 zehatz esateko, non protagonista nagusiak diren zenbait pertsona ezagun, nolabaiteko gainbehera bizitzen ari direnak: Zizeron hondar egunetan, Napoleon Waterlooko guduan, Tolstoi hil aurrekoetan, etab.
Horko istorioak zoragarri kontatuta daude. Ni bereziki liluratuta geratu naiz bertako hirurekin: Händel, Dostojevski eta Tolstoi. Lehenak kontatzen du zelan sortu zuen Händel musikariak Mesias oratorioa; bigarrenak tsarraren garaian zelan daramaten pertsona bat fusilatzera; eta hirugarrenak Tolstoi idazlearen azken egunak. Hirurak zoragarriak dira.
Händelen gaineko istorioa irakurrita, erabaki nuen entzun nahi nuela haren Mesias, eta erosi egin nuen. Orain hori nabil entzuten, behin eta berriz.
Aupa Joxe, lankide batek eta biok aipatu dituzun Zweig-en bi liburuak erosi ditugu. Ea zer nolakoak diren.
Bat nator zurekin, Joxe! Izugarri gustatu zitzaidan liburu hori eta joan den urtean Händelen Mesias entzutera joan nintzen Donostiara. Baina emanaldi nahiko hotza izan zen Kursaaleko hura… Liburua irakurtzen gehiago gozatu nuen. Ez ditut istorio denak gogoratzen baina Tolstoirena mundiala da, baita Amerikara egindako lehenengoetako espediziokoena ere… Eskerrik asko gogoratzearren arrebak ez didala liburua oraindik bueltatu.
Mikel, espero dut zuek ere nik bezainbat gozatzea liburu biekin. Edu: harrigarria da horrelako kontakizun batek zelan mugiaraz dezakeen jendea (bat baino gehiago) guk egin duguna egitera, Mesias entzutera. Besardaka bana.