Euskaltzaindiak ere arazoak bide ditu bereizteko webgunea eta web
orria. Atzo bertan, abenduaren 17an, Andres Urrutia euskaltzainburuak
Plazaberri albiste emaile elektronikoan egindako idatzian, non
iragartzen baitigu Euskaltzaindiak “blogaren aldeko apustua” egingo duela
–inoiz ez da berandu, nahiz eta lehen bloga erabat euskaraz orain
zazpi urte plazaratu zen–, behin eta berriro erabiltzen du
“web-orria”, adierazteko Euskaltzaindiaren webgunea.
Anglofonoek —beraiek asmatu zuten Internet— oso garbi bereizten dituzte
website eta web page, alegia, webgunea eta web orria, eta horrela
erabili dituzte hasiera hasieratik. Gaztelaniaz, berriz, jende piloa
ari da nahasten sitio web eta página web, eta gaur egun hedabide
gehienetan sitio web esan beharrean, asko eta asko, gehienak esango
nuke, página web ari dira erabiltzen.
Euskal blogosferan, adibidez, orain gutxi arte jende gehienak ondo bereiztu
ditu bi izen horiek, webgunea eta web orria, baina Internet zabaldu
denean hedabide tradizionaletara eta ikasgeletara, hasi da nahasketa,
kazetari eta irakasle askok gaztelaniazko hedabideetatik edaten
baitugu, eta, oharkabean, geure egiten ditugu kazetari espainiarrek
gaizki erabilitako moldeak. Ikusten denez, euskal akademikoak ere ez dira libratzen eragin horretatik.
Hitz bien esanahia bereizte aldera, beharbada lagungarri gertatuko zaio
Andres Urrutia jaunari jakitea zer dioen gure glosategiak, Glosategia
Komunikazioaren gainean, hitz horren gainean:
- webgune. (Internet) Web orri bilduma bat da, helbide bakarrean batuta.
Elhuyarkoek, hil arte, web gune erabiliko dute, bereiz.
Behin baino gehiagotan egiten den hanka-sartzea. Horrelakoetan beti erabiltzen dut liburua adibide modura. Pentsatu webgune bat liburu bat dela eta barruan orrialdeak dauela.
Webgunea: Interneten eskuragarri dagoen web
orrialde bilduma bat da. http://www.euskaltzaindia.net webgune bat da.
Web orria: Webgune bateko dokumentu bat da.
http://www.euskaltzaindia.net barruan web orrialdeak daude: argitalpenak, organigrama, agerkariak…
Gehiajo jakiteko:
Beste harrikada bat: pantailen munduaz ari garela, orri-orrialde erabiltzea ez al da arraro xamarra? Ez al zegoen papera hilda? 😉
Marti(n): beste arlo askotan bezala, idatziaren esparruan aspaldi-aspalditik erabili dira aurreko garaietako izenak berrikuntzei deitzeko (birziklatu, esango genuke gaur).
Adibide tipiko bat aipatzearren, liburu hitza latinezko librum-etik dator (liber, libri-ren akusatibotik alegia). Eta liber hitzak, hasiera batean, ‘enborraren azalaren barruko partea’ esan nahi zuen, enborraren azala idazteko euskarri oso zaharra izanik. Geroago izena euskarri berriago bati deitzeko erabili zen.
Hizkuntzen baliabide honi “metonimia” deitzen zaio, eta hitz berriak sortzeko baliabide oso erabilia da munduko hizkuntzetan.
Barkatu parrafada.
Eskerrik asko denoi. Imamonen eta Rikardoren ekarpenak oso argigarriak egin zaizkit. Segi ondo.
Eskerrik asko argibideengatik, Rikardo.