2008an 1.0 aroko bi hedabidetan egin dut lan apur bat, kolaborazioak-eta eginez: Euskadi Irratian eta Jakin aldizkarian. Joan den uztailean amaitu nuen lehenbizikoa, eta oraintsu bukatu dut bigarrena.
Agur Jakin aldizkariari
Niretzat ohore bat izan da Jakin aldizkarian idaztea, oso gazte nintzenetik erreferentzia argia izan delako niretzat. Guztira 16 artikulu idatzi ditut bertan, denak teknologia berriekin lotuak. Gustura amaitu dut lehen urtea. Hala ere, erabaki dut utzi egingo dudala.
Uhinei eta paperari begira nenbilen bitartean, konturatu naiz gauza asko gertatzen ari zirela 2.0 esparruan, batez ere sare sozialetan. Azken bi hilabeteotan ia egunero jasotzen nuen zerbait Facebook sare sozialetik: gonbita bat, gutun bat, iruzkin bat… Nik banuen kontu bat Facebook-en, baina, egia esan, inoiz ez diot kasu handirik egin. Orobat, ohartu naiz Twitter zelan hazi den munduan, batez ere Mumbaiko erasoak zirela-eta, non milaka eta milaka lagunek txioka ari baitziren zer geratzen ari zen Indiako hiriburu ekonomikoan.
Hori ikusita, erabaki dut 1.0 utzi eta 2.0 honetan murgiltzea, batez ere sare sozialetan. Horretan dezente lagundu dit Jun Loayza gaztearen bideoak, non azaltzen baita zelan erabili hedabide sozialak. Hortxe ulertu dut nire lanaren ardatza bloga izan daitekeela, Faroa, baina bai Twitter eta baita Facebook blogaren zabaltzaile eraginkorrak izan daitezkeela.
Kaixo Twitter eta Facebook
Horrela, orain bi astez gero, Twitter eta Facebook erabiltzen hasi naiz, bertako komunitateak eraikitzen. Horretan Ping.fm dut bidelagun orain, baita Gmail bera ere, zenbait kasutan bertatik egiten baitut txio, aldi berean Twitterrera eta Facebookera, komenientziaren arabera.
Ikasten nabil, zenbaitetan trakets samar, baina sinetsita nago ibiliaren ibiliaz hobeto ezagutuko ditudala sare sozialak, gaur egun Web 2.0 esparruaren alorrik bizienetakoa.