Gaixotzeak badu gauza onik. Nire kasuan, aukera eman dit irakurtzeko. Egun hauetan etxean egon naiz, bronkitisak jota, eta lo egiteaz gain —muxarrak bezala egin dut lo—, irakurri ere egin dut, apur bat, eta oso gustura.
Irakurri dut Xabier Etxaniz Rojo idazlearen Ekialdetik iritsi zen Enara, di-da batean irakurri ere. Bertan Etxaniz Rojok kontatzen du orain hiru urte emazteak eta berak zelan adoptatu zuten Txinatik haur bat, Enara Fuhan.
Gaia hurbilekoa egiten zitzaidan, inguru hurbilean hiru kasu ezagutzen baititut, non haurrak ekarri baitituzte Txinatik, eta horregatik erosi nuen liburua, jakin-minez.
Eta jakin-minez irakurri dut liburua, di-da, egileak eskutik ezin trebeago eramanda. Zintzoa aurkitu dut egilea, adopziorako arrazoiak azaltzerakoan, eta zintzoa bidaia kontatzerakoan, zeren liburu hau bidaia liburu moduan irakur baitaiteke, bertan uztartzen baitira senar-amazteek egindako bidaia emozionala eta bestea. Ahal baduzue, irakurri.