Egun hauetan glosategi bat osatzen ibili naiz, tipografiaren gainean. Horretarako, hiru erreferentzia erabili ditut:
- ESNAL, Pello & ZUBIMENDI, Joxe Ramon (1993): Idazkera-liburua. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen-Zerbitzu Nagusia. Gasteiz.
- BERRIA (2006): Estilo liburua. Berria. Andoain.
- WILLIAMS, Robin (1994): How to boss your fonts around. Peachpit Press. Berkeley.
Laster,
beste glosategi handiago batean txertatuko dugu hau, Komunikazio
glosategi bat egingo dugu-eta Huhezin, nahi duenak erabil dezan.
Bitartean, hona hemen lehen emaitzak.
Aipu marka.
Ortografi ikurra, balio dute hitzez hitzeko adierazpenak eta aipuak
txertatzeko, edo hitz bereziak markatzeko. Aipu markak bakunak izan
daitezke, eta erabiltzen dira adierazpenen barruan beste inoren hitzak
markatzeko.
Alargun. Paragrafo
bateko azken lerro oso laburra, laburregia paragrafoaren zabalera
kontuan hartuta. Akats bat da, konpondu beharrekoa. (widow).
Autoedizio. Ordenagailuak
erabiltzea argitalpenak sortzeko (aldizkariak, berripaperak, esku
orriak…). Edozeinek erabil dezake autoedizioa, ez soilik hedabide
handiek. (desktop publishing).
Azpimarra. Lerro bat da,
eta egiten da idatzitako zerbaiten azpian, hura nabarmentzeko.
Ordenagailuetan, oso itsusi geratzen da azpimarra, testuari itsatsita
geratzen delako. Horren ordez, gomendatzen da beste baliabide batzuk
erabiltzea: letra italikoa, letra lodia edo beste letratipo bat.
(underline).
Azpiletratxo. Letra txiki bat da, eta jartzen da arrunt idatzitako letraren, zenbakiaren edo hitzaren beheko saihetsean.
Behe mutur. Zenbait letraren zatiak, x alturatik behera jaisten direnak, adibidez letra hauek: g, p, q, y. (descenders).
Bola. Biribil handi honi esaten zaio bola: • eta erabiltzen da informazioa sailkatzeko, zenbakiak bezala. (bullet)
Erreka. Letra arteko hutsune nabarmen eta itsusiak, agertzen dira ezker-eskuin lerrokatutako testuetan. (river).
Familia tipografiko.
Biltzen ditu letratipoak, diseinu ezaugarri (eta izen) berdinak
dituztenak. Adibidez, Garamond, Garamond Bold, Garamond Italic,
Garamond Bold Italic, Garamond Condensed eta Garamond Ultra Condensed.
Denak dira familia bateko kide.
Gainletratxo. Letra txiki bat da, eta jartzen da arrunt idatzitako letraren, zenbakiaren edo hitzaren goieneko saihetsean.
Goi mutur. Zenbait letraren zatiak, x alturatik gora daudenak, adibidez letra hauek: b, d, h, l, t. (ascenders).
Hutsune soil. Une huts bat da, hitz bitartekoa. Hutsune soilari takateko bakarra dagokio.
Hutsune zatiezin.
Hutsune berezi bat da, esaldi batean loturik beharko lukeen osagairen
bat bi lerrotan ez apurtzeko. Ordenagailu askotan, hutsune zatiezina,
neurriz, izaten da takateko bakarreko hutsune soila baino zabalagoa,
eta bi takatekoz sortutako hutsunea baino estuagoa.
Irakurgarritasun. Letrakeraren bereizmen maila. Alegia, erraz ala zail egiten zaigun letrakerak bereiztea, adibidez, “n” eta “h”. (legibility).
Karakter.
Izan daiteke letra bat, puntu bat, zenbaki bat, takateko bat. Testu
prozesadoreak agertu zirenetik, hainbat hedabidek karakterretan
eskatzen dituzte artikuluak, berauek neurri jakin batera moldatu behar
direnean.
Kerning. Letren arteko espazioa ajustatzea,
letrartekoa kontsistentea ager dadin. Hori egin behar izaten da batez
ere izenburuetan, “Ta” edo “Vo” letra multzoetan, adibidez, berez tarte
handiegia dutelako letren artean.
Koska. Hutsune berezia
da, eta joaten da lerrokadaren hasieran, letra larriaren aurrean. Puntu
eta aparte bakoitzaren ondoren, hurrengo lerroan atera behar da koska,
lerro hasieran. Berez, ez da hutsune ortografikoa, hutsune tipografikoa
baizik. (sangría, indent)
Koska frantses. Alderantzizkoa
ere esaten zaio. Koska frantsesa ateratako lerrokadan, lehenengo lerroa
izaten da beti luzeena. Zenbait kasutan, oso erabilgarria izan daiteke.
Lerroarte. Tarte
bat da, dagoena lerropeko marra nagusi batetik bestera. Lerroartea oso
garrantzitsua da, beronen araberakoak izaten baitira letra alturak: bai
letra xehearen altura (x altura), bai letra larrien altura, eta baita
lerroarteko hutsuneak ere.
Lerroarteko hutsune. Bi lerroren artean dagoen hutsunea. Lerroarte jakin bakoitzari lerroarteko hutsune jakin bat dagokio: berezkoa.
Lerrokatu.
Lerroen saihetsak antolatzea, goitik behera datorren ezkutuko marra
baten arabera. Lau eratara lerroka daiteke testu bat: ezkerrean,
eskuinean, erdian edo ezker-eskuin.
Lerropeko marra. Ezkutuko marra bat da, eta horren gainean antolatzen dira letrak eta espazioak, lerro baten barruan. (línea de base, baseline).
Letra beltz. “Gotikoa” ere esaten zaio, edo “letra
beltz alemana”, herrialde hartan eutsi egin baitiote letratipo horri,
nahiz eta irakurtzeko zailagoa izan. (black letter).
Letra etzan. Horrela deritzo ordenagailuak etzanarazitako letra normalari. (oblique)
Letra hustu. Bakarrik erakusten du letraren soslaia, barruan ezer ez duela. Gutxi erabiltzen da.
Letra italiko. Eskuinera dago makurtuta, eta
irudikatzen du eskuz idatzitako letra mota. Bereziki diseinatua da, eta
ez du zerikusirik letra etzanaraziarekin. (italic)
Letra kapitular. Letratzar bakarrari esaten zaio, atal baten
hasieran erabiltzen dena. Dezente handiagoa da inguruko letrak baino.
(initial cap).
Letra larri. Esaldien eta izen berezien hasieran ipintzen da. Maiuskula ere esaten zaio. (capital).
Letra larri motz. Irudiz, letra larria da; baina letra xehearen alturakoa. (versalita, small cap).
Letra lodi. Marra lodikoari esaten zaio, eta erabiltzen da hitzak nabarmentzeko. (negrita, bold).
Letra lodi samar. Lodia baino estuagoa. (demi bold).
Letra oso lodi. Lodia baino gizenagoa. (extra bold).
Letra xehe. Tamaina txikiko letra. Minuskula.
Letra zuzen. Letrakera normala. (roman).
Letratarte. Letra
bitartea. Letratipo bakoitzak era jakin batera antolatzen ditu
letratarteak eta letren zabalerak. Courier letratipoak, esate baterako,
espazio berdina ematen die letra guztiei, m izan ala i izan,
idazmakinaren garaian bezala. Beste batzuek, berriz, Times kasu, letra
bakoitzari antolatzen diote lekune bat, bere zabaleraren arabera. Hemen,
i letrak halako hiru hartzen du m letrak. Lerroartea puntuka neurtzen
da, eta letrak ere bai. Hamabi puntuko letra, esate baterako, da hamabi puntuko lerroarteari dagokion letra.
Letratipo. Letra multzo bat, eta biltzen ditu ezaugarri tipografiko bereko letra guztiak.
Letratipo kamuts. “Serif gabea” ere esaten zaio
kategoria honi, letrak ez duelako ertzik, ez eta trantsiziorik loditik
mehera. Letra mota honetan marra guztiek lodiera bera dute alde guztietan.
Zenbait adibide: Helvetica, Arial eta Frutiger, besteak beste. (sans serif).
Letratipo zorrotz. “Serifduna” ere esaten zaio
kategoria honi, bertako letrak ertzak dituztelako bukaeran —serif
horixe da, ertza—, eta beronen marrak lodi-mehe trantsizioak dituelako.
Adibideak: Times, Garamond eta Baskerville, besteak beste. (serif).
Ligatura. Bi letra edo zeinu, batean. Sortzen dira
konpontzeko espazio edo diseinu arazoak. Adibidez, “fi” eta “fl”
bikoteen arazoak konpontzeko sortzen dira ligatura bereziak, eta hor
letra biak modu dotorean uztatzen dira.
Marra. Erabiltzen da akotazioak egiteko. Marratxoa baino luzeagoa da.
Marratxo. Hitzak-eta lotzeko erabiltzen da, esaldi honetan bertan bezala.
Ontza. Neurri mota bat da, sei dozena puntuz osatua. (pulgada, inch).
PostScript. Hizkuntza grafiko bat da, eta erabiltzen da ordenagailuetan, inprimatzeko letrakera eta grafiko konplexuak.
Puntu. Didot puntua ere esaten zaio. Bera da oinarrizko neurria tipografian.
QWERTY.
Diseinurik ohikoena teklatuetan, bai idazmakinetan, ordenagailuetan eta
baita sakelako telefono zenbaitetan ere. Berauetan, lehen sei letrak
dira q, w, e, r, t eta y.
Takateko. Kolpe bat da, eta ordenagailuaren espazio barrari ematen zaio, hitzak bereizteko. (spaceband).
Tipografia. Arte edo prozesu bat da sorkuntza lanak
egiteko, irar-letrak edo kaligrafia erabilita. Halaber, izen hori
erabiltzen da izendatzeko zer itxura duen inprimaturiko lan batek:
“diseinatzaile horrek oso tipografia dinamikoa erabiltzen du”.
x altura.
Letra xehearen altura; x altura handiago, eta muturrak laburrago;
letratipoak handiagoa dirudi. x altura txikiago, eta muturrak luzeago.
Letratipoak txikiagoa dirudi. (x-height).
Zizero. Neurri unitate bat, eta aspaldi asko erabili zen. Hamabi puntu zituen: 4,23 milimetro. (cicero).
Zurtz. Paragrafo
bateko azken lerroa, bakarrik geratzen denean hurrengo zutabearen
goialdean, edo paragrafo bateko lehen lerroari, bakarrik zutabe baten
hondoan. Akats bat da, konpondu beharrekoa. (orphan).
Lan politxa egin dozuna, “copiar y pegar” egin ondoren nere karpentan gorde dot geroxeago irakurtzeko ta ondo ikasteko.
Mila esker
Lan ona!
Eskerrik asko-
Eskerrik asko zuei. Jendeak erabilgarri ikusten badu, ederto. Ondo segi.