Atzo ikusi nuen, garbi-garbi, zelan egiten duen lan kazetari multimedia batek. Prentsaurreko bat izan genuen HUHEZIn, aurkezteko Literatura Astearen X. aldia. Goiena Telebistatik pertsona bakar bat etorri zen (orain arte beti etortzen ziren bi).
Trepetak askatu, tripodea jarri, kamera bertan txertatu, mikroa ipini, prentsa oharra irakurri, prentsaurrekoa grabatu, argazkiak atera, elkarrizketa bat egin… dena bakar-bakarrik egin zuen, inoren laguntza barik. Bukatu zuenean, trepetak bildu, eta Arrasaterantz abiatu zen, denok agurtu ondoren.
Kazetari multimedia iritsi da, eta Goiena ari da hori lantzen, beharbada inor baino gehiago euskal hedabideen artean. Baina Goiena ez da bakarra izango. Etorriko dira beste batzuk ere. Seguru.