Curriculum elektroniko bat sortu dut

Ez nabil lan bila, baina curriculum bat sortu dut, Google Pages erabilita. Nire ikasleentzat sortu dut —eta horretarako kopiatu egin dut Christopher S. Penn gazteak egindakoa—, haiek ere ikas dezaten zelan egin curriculum elektroniko bat, komunikazioko ikasleak izanda, ondo etorriko zaie-eta beren burua hobeto saltzeko lan merkatuan.

Curriculum elektronikoa bereziki egokia iruditu zitzaidan komunikazioan eta teknologia berrietan ari den jendearentzat, horrelako curriculum batean enplegatzaileak erraz ikus baitezake eskatzailea zenbateraino den erabiltzaile aurreratua eremu bietan, komunikazioan eta teknologia berrietan.

Curriculum elektronikoaren elementuak
Curriculumak hiru zutabe ditu: erdikoan bideo bat dago curriculuma bera aurkezteko, biografia labur bat, eta hainbat lotura, hiurpalau lan erakusteko. Ezkerreko zutabean, berriz, biografia oso bat atera daiteke LinkedIn aplikazioan klik eginda. Eta paperean irakurri nahi duenak, hortxe dauka pdf dokumentua, aplikazioak berak sortutakoa. Horien ondoan, nire blogaren lotura, nire argazkiak Flickr-en, nire podcastak Odeon, nire hedabideak Bloglines-en, eta nire irakurketak del.icio.us-en, pare bat bideo orain bi urte egindakoak, eta nire mapak Tagzanian. Eskuin zutabean, ostera, nire telefono eta helbide elektronikoa, Skype nortasuna eta Twitter loturak, eta hainbat rss, baten batek bertara harpidetu nahi izanez gero.

Zelan iritsi nintzen horretara
Justu Aste Santuko oporren aurretik izan nuen curriculum elektronikoaren berri, The New York Times egunkarian irakurritako artikulu batean. Horren bidez, iritsi nintzen Christopher S. Penn gaztearen curriculumera, eta txundituta geratu nintzen. Goitik behera irakurri eta klik egin nuen bertako lotura guztietan. Konturatu nintzen osoa zela, eta ondo betetzen zuela bere helburua.

Eta Penn gaztearen gomendioari jarraituz, Google Pages aplikazioan sartu, eta kopiatu egin nuen haren curriculumaren egitura. Zuek ere, animatzen bazarete horrelako bat egiten, kopiatu lasai hemendik. Mila esker Iñigo Arriaran, Amaia Pavon eta Gari Araolazari, emandako laguntzagatik.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude