Eraman bai, besapean, Antonio Machadoren biografia, baina Valladolidera iritsi bezain laster El hereje erosi nuen, Miguel Delibes idazlearen azken eleberria, eta egun hauetan horixe irakurri dut. Gustura irakurri ere.
Eleberria XVI. mendean kokatzen da, Valladoliden bertan, eta kontatzen du zelan sortu zen inguru haietan talde bat Martin Luther-en jarraitzaileekin, ezinbestekotzat jotzen zuena erreforma eliza katolikoan. Inkisizioaren garaia zen, eta taldeak isilpean egiten zuen lan, harik eta Inkisizioak harrapatu eta sutara kondenatu zituen arte, haietako zenbait torturatu ostean.
Hori kontatzeko, hainbat pertsonaje sortu ditu Delibesek, printzipalena Cipriano Salcedo, umerzurtz bat bihurtuko dena hiriko merkataririk eraginkorrenetako bat, eta jaio zena 1517an, Martin Luther-ek indulgentzien kontra iltzatu zituenean bere laurogeita bost tesiak Wittenbergeko elizan. Haren inguruan mundu oso bat bilbatu du egileak, aberatsa eta adierazgarria orduko denborak erakusteko.
Askatasunaren aldeko aldarri bat da El hereje, eleberri sendoa, eta beronen orrialdetan ederto ikusten da zelakoa zen Carlos V.aren garaiko Valladolid hura. Hunkituta amaitu dut liburua, ikaratuta eliza katolikoaren intolerantziak izandako ondorio suntsitzaileekin.
Arrazoi duzu Joxe, benetan liburu ona, sendoa eta pentsaarazteko modukoa.
Badira urte batzuk irakurri nuela, baina juxtu aste santuan gogoratu nintzen liburuaz, Sebastian Artzapezpikua (horrela esaten da?) Valladolideko plazan ikusi eta entzun nuenean.
Hor esan zituenak ere!
Bai, ni ere zur eta lur geratu nintzen Sebastianen hitzekin, Jesukristok ez zuela izan zainketa aringarririk gurutzean hil zenean. Esan egin behar da, gero!