Hillary, Obama eta Web 2.0

Artikulu interesgarria irakurri dut SuccessCREEations webgunean, bai Hillary Clinton eta baita Barack Obama lehendakarigaiek zelan erabili dituzten hedabide sozialak beren kanpainetan. Konparazio horretan Barack Obama irten da irabazle, garbi.

Egileak aukeratu ditu hainbat hedabide sozial, eta alderatu du zelan erabili dituzten hautagai demokrata biek.

Bloga
Irabazlea Obama da. Egilearen iritziz, Obamaren taldeak ahalegin handiagoa egin du blogean, eta horrek trafiko eta partehartze handiagoa erakarri du haren blogera. Ez batak ez besteak ez dute idazten beren blogetan, baina Obamaren taldeak egunean 30 bat mezu argitaratzen ditu, bost lagunek sinatuak. Clintonek, aldiz, bost mezu eguneko, pertsona berak idatziak.

MySpace
Irabazlea: Hillary. Clintonen profilak ditu 44.353 lagun eta 8.276 iruzkin. Obamarenak, aldiz, 22.467 lagun eta 1.520 iruzkin. Obamak eduki gehiago izan arren, Clintonek babes handiagoa du hemen.

Facebook
Irabazlea: Obama. Illinoisko senatariak 641.042 laguntzaile ditu hor, eta 90.723 mezu. Hillaryk, berriz, 125.114 laguntzaile eta 89.321 mezu. Harrigarria badirudi ere, hemen Obamak eduki gutxiago eskaintzen du, nahiz eta bere kanpainak lan hobea egin duen Facebook-eko komunitatearekin bat egiteko orduan.

Twitter
Irabazlea: Obama. Ez seguruenik oso lan ona egin duelako, baizik eta aurkariaren lan eskasagatik. Obamaren kontuak 6.661 jarraitzaile ditu, 73 eguneratze egin ditu, eta beste 6.793 konturen jarraipena egiten du. Hillaryren kontuak, ostera, 958 jarraitzaile ditu, 47 eguneratze egin ditu, eta ez du inoren jarraipenik egiten.

Ondorioak
Egilearen iritziz, hedabide sozialak oso lagungarri izan daitezke edozeinen mezua plazaratzeko. Obamaren taldeak horrela ulertu du, eta txertatu ditu hainbat baliabide bere marketin estrategian. Horrek eraman du Obama ezezagun izatetik faborito nagusi izatera. Alderantziz, Clintonen taldeak atxiki dio komunikazio estrategia tradizionalari, non hedabideak manipulatu egiten baitira hautagaiaren mesedetan.

Artikulu horrek oihartzuna izan du Social Media webgunean, eta hor ere Obama ikusten dute lehendakarigai egokiagoa, hedabide sozialak beste modu batean darabiltzalako:

  • Obama gutariko bat da, eta ohituta dago eztabaidatzen zer esan nahi duen kanpaina bat behetik gora eraikitzea. Irabazten badu lehendakaritza, oso kitzikagarria izango da ikustea zelan aplikatuko duen estilo hori nazioaren hiriburuan.
Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude