Aurreko batean argitaratu nuen glosarioan agregatzaile hitza erabili nuen, aurretik beste askok erabili duten moduan. Orduan Ibaik galdera bat egin zuen erantzunetako batean:
- Ez al dago “agregatzailea” izendatzeko beste erarik? Erdarakada izugarria iruditzen zait… eta gainera zatarra.
Nik orduan erantzun nion ez nuela ezagutzen agregatzaileren pareko hitzik. “Nazioartekoa da, eta, besterik agertu ezean, nik hori erabiliko dut”. Izan ere hitz hori aggregator hitz ingelesetik baitator, eta ez agregador espainoletik. Baina handik gutxira Anjelek erantzun zuen, eta hona ekarri dut erantzuna, hasierako eztabaidari argia egin diezaiokeelako:
- Hona agregatzaile batek betetzen dituen lanak: aurkitu, jaso, bildu; elkartu; sakabanaturik zeudenak, antolatu eta elkarren ondoan jarri; erantsi… Hiztegian bada horiek guztiak biltzen dituen aditz bat: Batu: aurkitu. Batu: jaso, bildu. Batu: elkartu. Batu: sakabanaturik zeudenak, antolatu eta elkarren ondoan jarri. Batu: erantsi “Batzaile” hitzak, esanahiari dagokionez, primeran ordezka dezake “agregatzaile”. Polita den ala ez, estetika gaitzetsi gabe ere, nik uste dut halako hitzek praktikoak eta argiak izan behar dutela. (…) Hor dauzkagu boto-batzailea edo ontto-batzailea bezalako hitzak. Udalakoak astaputz-batzaileak omen dira Azkuek dionez… “Nik egunero begiratzen diot aurki batzaileari”.
Egia esan, nik ez nuen berba horren berririk, baina Anjelek emandako arrazoiak pisuzkoak iruditzen zaizkit. Zuek zer diozue?
Ez nuen Anjelen mezua irakurri. Ba ‘batzaile’ ere nahiko arrotza iruditzen zait, ohitzea izango da. Nire ustez ere bere arrazoiak pisuzkoak dira, baina azkenean gehiengoak agintzen du: jendeak gustoko badu eta erabiltzen badu, ondo, bestela ‘agregatzaile’ erabiliko da.
Galdera bat, zein ezberdintasun dago jario irakurle (edo irakurgailu) eta batzaile (edo agregatzaile) baten artean? Eskerrik asko.
Irakurgailua -> zure aukeraketa propioa egin eta gustoko dituzun jarioak irakurtzeko tresna.
Agregatzailea -> norbaitek erabakitako jarioak erakusten dituen web gune publiko (pribatua ere izan daiteke baina arruntena publiko) bat dela esan genezake.
Ez da erantzun oso akademiko bat baina ea nahikoa duzun.
Oso ondo azalduta, Gorka! Mila esker.
bada holako makina bat hitz…
askotan somatu izan dut berrikuntzaren premiak eraginda besterik ezean hartutako hitz horien ordezko egokiagoen bila jarduteko guneren baten falta gurean.
polita iruditu zitzaidan @ bilduaren inguruan egon zen saltsa hura…
gustura erabiliko nuke, esaterako, download-entzako ordain egokiago bat. “erauzi” ez al da “jaitsi” baino egokiagoa?
ondo izan
Erauzi hitzak erabiltzaile arrunten artean zabaltzeko aukera gutxi dituela esango nuke.
“Batzaile”-rena ederto konpondua.
Eskerrik asko azalpenagatik.
Erauziren inguruan, Ubuntun behintzat ZIP artxiboak deskonprimitzeko erabiltzen da, eta uste dut horrela jarraitu beharko lukeela. Nik behintzat erauzirekin ‘zerbait nonbaitetik atera’ ulertzen dut.
Download eta upload berriz, internetera fitxategiak igo eta jaistea da. Uste dut bi hitz hauekin hobeto ulertzen dela esanahia, eta oso hitz arruntak dira.
Hori bai, nik ere faltan botatzen dut horrelako hitz berriak eztabaidatu eta zehazteko zerbait.
“Dowload” esateko “eraitsi” proposatuko nuke nik: “jaitsi” baino zehatzagoa deritzot “eraitsi”ri, eta trantsitibotasun markatuagoa du.
Horrek ere “erabiltzaile arrunten artean zabaltzeko aukera gutxi dituela” esango dute askok akaso, baina nik ez dut hala uste:
Edukiak deskargatzeko (eraisteko!) webgune batean sartu, eta botoi batean “eraitsi” irakurtzen badugu beheranzko gezi tipikoaren ondoan, beharbada hasieran bitxia irudituko zaigu, baina ez dugu “eraitsi”ren esanahiaz zalantzarik izango. Hitz hori beste behin beste webgune batean aurkituz gero, ziur nago hortik aurrera “pasahitz” bezain arrunta irudituko zaigula “eraitsi” hitza.