Glosario bat

Glosario bat idatzi dut sareko kontuen inguruan, nire Nahikotasun Frogan sartzeko, lan hori irakurriko dutenek, jakin dezaten zer esan nahi duten hor agertuko diren zenbait hitzek. Hemen argitaratuko dut, bi helbururekin: behar duenaren eskura jartzeko eta zuen iradokizunak jasotzeko. Mila esker.

(Aldaketa: Ricardo Gomezen proposamenari jarraituz, mugatzailerik gabe utzi ditut glosario honetako hitzak).

GLOSARIOA

Agregatzaile. Programa bat da, biltzen du informazioa beste informazio iturrietatik, eta antolatzen du informazio hori, dena batera, leiho bakar batean, irakurleak joan behar izan ez dezan, derrigorrean, jatorrizko iturrietara. Sarean egon daiteke edo off-line, norberaren ordenagailuan. Adibideak: Bloglines, Aurki.com, PageFlakes.

Bilatzaile. Aplikazio bat, zeinaren bidez edukiak aurki baitaitezke sarean, hitz gakoak erabilita. Google, Yahoo Search eta Live bilatzaileak dira.

Blog. Webgune mota bat da, aurretik txantiloietan prestatua, eta hor edukiak modu kronologikoan ordenatzen dira: berrienak goian eta zaharrenak beherago. Jendeak erantzun egin dezake bertan, eta beste batzuek horiei erantzun. Izan daitezke pertsonalak (Patxitrapero), taldekoak (Sustatu) edo tematikoak (Superbai).

Blog komunitate. Blogari talde bat, biltzen dena erakunde baten aterpean, komunitate bat sortzeko. Kasu horietan, blogariek errespetatu behar izaten dituzte komunitatearen arauak. Euskal Herrian hainbat daude: Eibar.org, Goiena.net, Uztarria.com, etab.

Blog plataforma. Tresna bat, zeinaren bidez edonork sor dezakeen blog bat, hiru pauso emanda: ireki kontu bat, eman zure datuak eta aukeratu eredu bat. Euskaraz, hainbat blog plataforma daude: Blogari.net, Blogak.com, Mundua.com, Nireblog eta Mahatsorriak.

Blogari. Pertsona bat da, blog bat eduki eta elikatzen duena. Blogariak dira, esaterako, Luistxo Fernandez, Patxitrapero eta Jabi Zabala, besteak beste.

Blogger. Blog plataforma bat, aitzindaria, Pyra Labs enpresak sortua eta ondoren Googlek erosia. Bertan edonork sor dezake blog bat, hiru urrats eginda. Hainbat hizkuntzatara dago itzulia.

Bloglines. Agregatzailerik ezagunena. Sarean dago, eta aukera ematen du informazioa biltzeko beste informazio iturrietatik, erabiltzaileak leiho bakar batean kontsulta dezan jasotakoa.

Blogosfera. Blog guztiak, blogak komunitate moduan ulertuta. Hortaz, euskal blogosfera da euskaraz idatzitako blogen multzoa.

CSS. (Cascading Style Sheets / Estilo Orriak Kaskadan). Hizkuntza bat da, eta zehazten du HTML dokumentu bat zelan formateatu beharko litzatekeen.

Dmoz.org. Ezaguna da Open Directory Project bezala, edukien direktorio eleaniztun eta irekia, Time Warnerena, baina boluntarioek eraikia eta elikatua. Aurki.com bilatzailea izan zen proiektu horren euskal ispilua.

Google News. Google enpresaren zerbitzu bat, hainbat hizkuntzatan emana; eskaintzen ditu saretik jasotako albisteak, taldetan antolatuta.

Hari@. Buletin elektroniko bat da, Sareko Argiak sortua, eta posta elektroniko bidez banatua harpidedunei. Hamar bat albiste banatzen ditu lanegunetan, jeneralean sarrera labur bat eta hainbat loturarekin.

Infoxikazio: egoera bat informazio betekadak eraginda, eta hor kaltetua blokeaturik geratzen da, ez dakiela zelan kudeatu informazioa.

Internet. Ordenadore arteko komunikazio-sare erraldoia, mundu-mailakoa, eta esaten zaio “sareen sarea”.

Jario. Feed ere deitzen zaio. XML artxibo bat da, izenburuak eta azalpenak ditu, eta erabiltzaileak jaso dezake bere agregatzailean, baldin eta aurretik harpidetu bada jario horretara. CodeSyntax enpresak Jarioa izena eman zion Aurki.com agregatzailearen proiektuari.

Nabigatzaile. Aplikazio bat da, eta berau erabilita erabiltzailea irits daiteke Interneten dauden webguneetara. Netscape eta Mosaic izan ziren hasierako nabigatzaile handiak. Gaur egun Internet Explorer erabiltzen da gehien. Baita Firefox, Opera eta Safari, besteak beste.

Open Directory Project. Ezaguna da Dmoz.org izenez, edukien direktorio eleaniztun eta ireki bat, Time Warnerena, baina boluntarioek eraikia eta elikatua. Aurki.com bilatzailea proiektu horren euskal ispilua izan zen.

Peer to peer komunikazio. (P2P) Sareko sistema bat da, non artxiboak ordenagailuetan dauden, eta, beraz, jaso ere ordenagailuetatik jasotzen diren, zerbitzari zentral batetik jaso ordez. Napster musika zerbitzu irekia izan zen p2p zerbitzu bat.

Planet. Internet planet edo planeta terminoak izendatzen ditu agregatzaile tematiko edo lokalak. Espainian daude Planeta Canarias edo Planet Granada, adibidez. Aurki.com euskarazko planet bat da, eta atalka sailkatua dago.

Posta zerrenda. Pertsona multzo bat da (edo helbide elektroniko multzo bat), gai jakin baten inguruan bildu dena, eta horren inguruan idazten diote elkarri posta elektronikoaren aldagai hori erabilita. Eibartarrak izango da posta zerrendarik zaharrena eta indartsuena euskarazkoen artean.

RSS. XML familiako fitxategi formatu bat da, eta prestatuta dago sarritan eguneratzen diren albisteen webgune eta blogentzat. Horri esker, posible da informazioa banatu eta beste webgune batzuetan erabiltzea. Horri sindikazioa deritzo.

Technorati. Interneteko bilatzaile bat da, eta lan egiten du blogekin.

Tumblelog. Blogaren aldaera bat, eta hobesten ditu mezu oso laburrak, iruzkin oso motzekin.

Txat. Posta elektroniko moduko bat, baina denbora errealean. Hainbat lagun aldi berean elkarri idazten Interneten. Horretarako, bat-bateko mezularitza erabiltzen da, Messenger adibidez.

Web 2.0. Web 2.0 da web aplikazio multzo bat, erraza, eta laguntzen du lanak sortzen eta partekatzen. Adierazten du World Wide Web amaraunaren bigarren aldi bat, garatuagoa eta malguagoa.

Webgune. Web orri bilduma bat da, helbide bakarrean batuta.

Wiki. Webgune berezi bat da, bertako edukia edozeinek gehitu, moztu edo aldatu baitezake. Wiki hitzak “bizkor” esan nahi du hawaieraz.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

8 erantzun Glosario bat-ri

  1. egilea: Ricardo Gómez

    Oso baliagarria, Joxe. Ez ditut oraindik definizioak irakurri, baina iradokizun bat egingo nizuke sarrera-buruei dagokienez: hitz soilak erabili, mugatzailerik gabe alegia (<b>Agregatzaile</b> eta ez <b>Agregatzailea</b>, adibidez).

  2. egilea: ibai

    Ez al dago “agregatzailea” izendatzeko beste erarik? Erdarakada izugarria iruditzen zait… eta gainera zatarra.

  3. egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko iradokizunagatik, Ricardo. Egin dut aldaketa. Ibai, sentitzen dut, baina ez dut ezagutzen agregatzaileren pareko hitzik. Nazioartekoa da, eta, besterik agertu ezean, nik hori erabiliko dut. 😉

  4. egilea: oier

    Ricardo, azaldu zenezake sarrera-buruak mugatzailerik gabe erabiltzeko gomendioaren arrazoia? Eskerrikasko!

  5. egilea: Ricardo

    Oier: horixe izan da euskal hiztegigintzaren ohitura azken mende eta erdian, gutxi gorabehera.

    Baina ohitura ez ezik, abantaila ere bada; izan ere, erabiltzaileak ez du zalantzarik izango hitzaren forma  soil edo oinarrizkoa zein den (bestela, gerta liteke teknologia berrietan jantzita ez dagoen batek “bloga bat” dela pentsatzea, adibidez).

  6. egilea: oier

    Eskerrik asko azalpenarengatik Ricardo!

  7. egilea: Anjel

    Hona agregatzaile batek betetzen dituen lanak: aurkitu, jaso, bildu;
    elkartu; sakabanaturik zeudenak, antolatu eta elkarren ondoan jarri;
    erantsi…

    Hiztegian bada horiek guztiak biltzen dituen aditz bat:

    Batu: aurkitu

    Batu: jaso, bildu.

    Batu: elkartu

    Batu: sakabanaturik zeudenak, antolatu eta elkarren ondoan jarri.

    Batu: erantsi

    “Batutzaile” hitzak, esanahiari dagokionez, primeran ordezka dezake
    “agregatzaile”. Polita den ala ez, estetika gaitzetsi gabe ere, nik
    uste dut halako hitzek praktikoak eta argiak izan behar dutela.

  8. egilea: Anjel

    Barkatu, batuk batutzaile idaztera eraman banau ere, batzaile proposatu nahi nuen. Hor dauzkagu boto-batzailea edo ontto-batzailea bezalako hitzak. Udalakoak astaputz-batzaileak omen dira Azkuek dionez…
    “Nik egunero begiratzen diot aurki batzaileari”

Utzi erantzuna oier(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude