Zenbat blog daude euskaraz?

Euskal blogosfera 2001ean sortu zen, Sustatu.com blogarekin. Gaur egun, berriz, ia sei urte igarota, 4.500 blog inguru ditugu euskaraz. Jakina, blog horiek guztiak ez daude bizirik. Euskarazko blog horiei aplikatzen badiegu David Sifryk Technorattin erabiltzen duen neurria, blog horien %55 bakarrik leudeke bizirik, alegia, azken hiru hilabeteotan behin gutxienez zerbait argitaratu dutenak. Orduan esan beharko genuke euskarazko blogak 2.475 direla, zelan edo halan bizirik daudenak. Polifonia ederra, euskarak aurretik inoiz bizi gabea.

Bilakaera mantsoa
Euskal blogosferak hiru aldi izan ditu nagusiak, azkenekoa izan ezik, hazkunde motelekoak.

  1. Sustatu. Bi urte eta erdiz, Sustatu izan zen ia blog bakarra euskal blogosferan. Berau izan zen, gainera, blogari askoren eskola eta lantegia. Hor ikasi genuen askok zelan idatzi blog batean.
  2. Blog komunitateak. Alboan utzita Sarean.com eta beste banaka batzuen esperientziak blog pertsonal moduan, hurrengo mugimendu esanguratsua izan zen blog komunitateena. Une horretara iritsita, hainbat blogari taldetan antolatu ziren, eta horien barruan hasi ziren blog pertsonalak ateratzen. Eibar.org (gaur egun, 23 blog) izan zen lehena blog komunitate bat sortzen, 2004ko uztailean sortu baitzen. 2005eko otsailean etorri zen Goiena.net (58 blog pertsonal eta 65 komertzial). Eta atzetik, Uztarria.com (23 blog) eta Berria egunkariak sortua (18 blog), besteak beste. Ahaztu barik, noski, bai EHUn eta baita Deustuko Unibertsitatean sortu diren blog taldeak, hainbat irakasleren inguruan. Blog komunitateak ere gune paregabeak izan dira euskal blogariak prestatzeko, baina ez dute blogintza masiboa bihurtu, blog komunitateen garaian blogak hamarrekotan sortu baitziren.
  3. Blog plataformak. Horiek ekarri zuten aldaketa handia, berauek erabilita edonork sor baitzezakeen blog bat, horretarako bat ere ikastarorik egin gabe. Blogari.net izan zen aitzindaria, 2006ko martxoan agertu baitzen. Gaur egun Blogari.net-en daude 2.435 blog. Bigarrena izan zen Blogak.com, zeinek gaur egun dituen 1.200 blog. Eta hirugarrena, nik dakidala, Mundua.com etorri zen, eta horrek ditu 250 blog oraintxe bertan. Ikusten duzue, hortaz, hirugarren aldi honetan blogak ehunekotan sortu direla.

Zenbatu egin ditut hor agertutako datuak, eta, badaezpada, erantsi diet 450 blog gehiago, pentsaturik hortik zehar egongo direla ikasbitakora gehiago (aipatutako unibertsitateetan eta Jakintza bezalako ikastetxeetan). Horrela iritsi naiz 4.500 blogera. Gero, noski, beroarenak kendu dizkiot kopuru horri, Sifryren metodoa aplikaturik.

Mila esker Iban Arantzabal, Josu Azpillaga, Gorka Julio eta Aitor Ortuondori, beren plataformei dagozkien datuak emateagatik.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , , , , . Gorde lotura.

16 erantzun Zenbat blog daude euskaraz?-ri

  1. egilea: Mikel

    Hemengo plataformetan ez dauden blogari asko daude nire ustez; blogger-en esaterako.

  2. egilea: ibai

    Nireblog izeneko plataforma bat ere badago, euskaraz gain beste hizkuntza ugaritan idatzitako blogak biltzen dituena.

    Dena den, kantitatea baino garrantzitsuagoa da kalitatea. Zer iritzi duzu euskal blogen kalitateaz, Joxe?

  3. egilea: xabier

    Mikelek ondo dioenez, beharbada gaur egun oso kontuak hartzeko dira euskal blog plataformetatik kanpo dauden euskal blogak: Blogger, WordPress, Blogspot,… Nik ezagutzen ditut hor dabiltzan blogari batzuk. Google-k badauka blogak arakatzeko tresna berezi berri bat, Google Blogsearch; bertan euskaraz sarri erabiltzen diren hitzak sarturik (ez, bai, da, dago,…) euskarazko blogak atera daitezke bistara, eta gainera azken hilabeteotan edo asteotan “aktibo” izan direnak soilik arakatuta (egin dut aproba bat, baina denbora gehiago behar nuke emaitza argiak lortzeko). Bestalde, era horretako blog kontaketa bat aurkitu dut gaztelaniazko blogez egina (hemen). Adibide moduan erabil daiteke beharbada. Aber nork daukan astia!

  4. egilea: egizu

    Aupa! kontu txiki bat, blogari 2005ean sortu zuten, guk bertan dugu elkarteko bloga eta 2005eko azaroko data du.

  5. egilea: Julen

    “Alboan utzita Sarean.com eta beste banaka batzuen esperientziak blog pertsonal moduan, hurrengo mugimendu esanguratsua izan zen blog komunitateena.”

    Esaldi hori aparteko puntu bezala utziko nuke, lehenengo bien artean.
    Garai hartan kasik euskarazko blog guztiak kontrola zitezkeen eta
    sustatuk orduko blogosfera ñimiñoaren isla erakusten zuen. Euskarazko
    blogekiko kezka azaldu zenean adibidez eskuekin konta zitezkeen euskara hutsezko blogak.
    Kontua da azken finean, hasiera eman zitzaiela norbanako ekimenei.

    Denbora batez —blog plataformak azaldu arte akaso—, blog berrien
    sorkuntzak aparteko gertaera zirudien eta sustatun iragartzen ziren
    asko (sarean.com, telezaborra, …).

  6. egilea: David

    Gaur egun, Nireblog euskaraz, ditugu 588 blogak.

    nireblog-langs.png

  7. egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, lagunak, zuen ekarpenengatik. Kontuan hartuko ditut artikulu hau berridazteko, informazio hau erabiliko dut-eta Nahikotasun proban, txosten bat irailaren bukaeran aurkeztuko dudana doktore tesiari ekin aurretik. Orain saiatuko naiz zuei erantzuten:

    – Blogari asko dabil, bai, hortik zehar, Blogger bezalako plataformetan. Zaila da, ordea, jakitea zenbat zehatz-mehatz. Horregatik gehitu ditut 450 blog, horiek gogoan nituelako.

    – Kalitatea garrantzitsua da, bai horixe. Hala ere, hori beste kontu bat da, eta azterketa sakona eskatzen du ganoraz erantzuteak. Ez nuke huts handirik egingo esango banu gurean ere denetik aurki daitekeela: blog oso onak, onak, ez hain onak eta eskasak.

    – Astia ez ezik, abilidadea ere behar da Google Blog Search ganoraz erabiltzeko, eta beldur naiz oraindik ez bata eta ez bestea ez ditudala nahiko.

    – Arrazoia, Blogari.net 2005ean sortu zen, errata bat izan da.

    – Ados nago Julenekin: Sarean.com eta beste blog pertsonal zenbaitek beste aldi bat markatzen dute, blog komunitateak iritsi aurrekoa. Testua berridazten dudanean, horrela jarriko dut.

    – Eskerrik asko, David, Nireblog plataformaren datuak emateagatik. Pozten naiz, gainera, zuen plataforma hain indartsu ikusita.

    – Beraz, zuen ekarpenei esker, gehitu ditut zerrenda honetan Baleike blog komunitatea eta Nireblog plataforma. Denak kontuan hartuta, irteten zait 4.670 blog, aintzat hartu barik Blogger, WordPress eta beste plataformetan dabiltzanak. Horiei 500 ematen badiegu, izango dira 5.170 blog. Horiei aplikatuz gero Sifry-ren araua, geratuko lirateke 2.860 blog inguru, euskaraz bizirik.

    Oraingoz, hau da lor dezakedan kopururik zehatzena. Eskerrik asko, berriro ere, zuen iradokizunengatik. Ondo segi.

  8. egilea: xiber

    Nik beste komunitate batzuk ere aipatuko nituzke: mahatsorriak plataforma (15 blog), aikor komunitatea (beste 10 blog), larrabetzukoa  (5 blog),  atxukale (beste 5 blog), gaur8n agertzen diren asko eta asko (plataformetatik kanpokoak), …

  9. egilea: Jabi

    Harrituta utzi nau kopuruak, eta hemen plazaratutako iruzkinek emendatu besterik ez dute egiten. Euskal blogosfera gorpuztu den seinale, dudarik gabe. Nork esango zigun duela lau urte egun hainbeste euskaldun blogari izango ginenik!

  10. egilea: dENiS

    4.670, 5.170,
    2.860… Joxe, euskarazko blog kopurua kalkulatzeko ausardia izan duzu.
    Ausartuko al da inor euskarazko blogen eguneko irakurle kopurua zein den kalkulatzen?
    Atera al daiteke batezbestekoa eta blog kopuruarekin biderkatu?
    Erreferentziak beharko ditugu, noski:

    • Jadanik hilda dagoen blog xume honena, hau: 4 hilabetez, 1000 bisitari inguru, batez beste egunean 8 irakurle.
    • Erabili-k, 2006ko urtarrilean, eguneko 1385 irakurle izan zituen.

    Euskarazko blogen eguneko irakurle kopurua = 2860 * (?)

  11. egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa dENIS! Ez dakit hori egin daitekeen ere, batez besteko bat asmatzea jakiteko zenbat jendek irakurtzen dituen euskarazko blogak. Ea nor ausartzen den.

  12. egilea: Zach Harrikezekarri

    Gu hasiberriak gara, ta euskarazko blog kolektiboa izan nahiko genuke:
    http://zakarrikez.nireblog.com/

  13. egilea: hitz setatuak

    Begira ze irakurri dudan interneten: «En estos momentos hay unos 5.000 blogs en euskera, de los que 3.000 se actualizan con asiduidad»

  14. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, Olatz, baina ezin izan dut ireki zuk jarritako lotura.

  15. egilea: Asier

    Ni gogor saiatzen naiz euskaraz soilik blog interesgarri eta osotua sortzen, baina ez du arrakasta handirik.

    http://eusko.blogspot.com

  16. Pingback: Euskal blogintzari buruzko inkesta. Lagunduko gaituzu datuak lortzen? | Azkue Fundazioaren Egunkaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude