Irakurri berri dut Karmele Jaio idazlearen azken lana, Amaren eskuak. Niretzat errebelazio moduko bat izan da. Ez nuen espero horren idazle gazteak hain ondo adieraztea pertsonok eguneroko lanaren gurpil zoroan bizi ditugun itolarriak. Unai Elorriagari lehen aldiz irakurri nionean bezala, orain ere irudipena dut Karmele Jaiok ondo baino hobeto ezagutzen dituela pertsonon barne tolesdurak.
Historiak ere harrapatu egin nau, ez ekintza bertigoa-eragiteko-modukoa duelako, ez, baizik eta historia sinesgarri bat ikusi dudalako orri horietan, eta behin baino gehiagotan identifikatu egin naizelako horko egoera zenbaitekin.
Bainaren bat ipini behar izanez gero eleberriari, bukaerari jarriko nioke. Hariak hain ondo zuzendu ondoren amaiera horretarantz, iruditu zait biribiltzea falta izan zaiola. Edozelan ere, lan erabat gomendagarria, uda honetan irakurtzeko adibidez.