Irakurri berri dut haur jaio berri baten eta bere amaren artean harreman berezia sortzen dela, batik bat amak titia ematen badio haurrari. Seguru baietz. Hala ere, bularra eman barik ere, seguru nago amaren eta haurraren arteko harremana beti izango dela berezia.
Gure kasuan, ezin izan genion bularrik eman Mireni, hau jaio berria zenean. Biberoia, berriz, bedeinkazio moduko bat izan zen guretzat. Batetik, bularra hartzerakoan haurrak zeuzkan arazoak derrepentean desagertu, eta Mirenek gustura asko edaten baitzuen botilatxoan emandako esnea. Bestetik, neuk ere aukera izan nuen gure txikiari biberoia emateko, eta garbi esan dezaket: niretzat une haiek gozamen hutsa izan ziren. Aldi berean, biberoiari esker, Begok denbora gehiago eta askatasun handiagoa zuen beste gauza batzuk egiteko.
Biberoiak hurbildu egin ninduen haurrari. Hala ere, Mirenen eta Begoren arteko harremana beti izan da berezia, biberoia gorabehera.
Medikuek diotenez, argi dago ama esnea dela lehen hilabeteetarako onena. Baina ezin denean, ezin da. Eta Joxek ondo azaldu ditu biberoiak izan ditzakeen alde onak.
Askok alegatzen dute haurraren psikearentzat ona dela amarekin lehen aste edo hilabeteetako kontaktu hori; alabaina, inoiz ez dut ikusi aitak ere esnea emateko prozesuan parte hartzeak ekar ditzakeen onura psikikoaren inguruko azterketarik. Igual, ez du merezi aztertzea ere, batzuentzat, antza, hor ustekabean pasatzen den gixaixo bat besterik ez da aita.
Badakigu haurraren eta amaren arteko lotura berezia dela eta izango dela, aitak ezin baitu sabelean sortu umerik eta ezingo baitu jakin zer den erditzea… Baina, hortik gora…
Makina ba ume hazi da eta hazten da gaur egun ere amaren bularrik hartu
gabe, eta osasuntsu eta pozik. Amaren esnea da onena, ados, baina hori
gabe ere primeran hazi daitezke umeak. Baina amaren bularraren aldeko
presio soziala izugarria da eta ezin dut hori ulertu.
Umeari bularra ematea aukera bat izan beharko litzateke, eta orain
obligazio sozial bat da. Onuretaz hitzegiten da, baina kalteetaz ez.
Eta umeaz hitzegiten da , baina amaz eta aitaz ez. Ume gehienak
berdin-berdin hazten dira amaren esnearekin ala biberoiarekin. Baina
amak umeari kateatuta geratzen dira edoski beharrak eraginda eta aitak
erabat alboratuta bere inutilidadeak bultzatuta.
Eta ez dezala inork pentsa bularreko esnearen aurkako itsua naizenik.
Gure Izarrek 16 hilabete arte hartu zuen esnea amaren bularretik, baina
askatasunez hartutako erabakia izan zen, eta ez zait bidezkoa iruditzen
inori kargu hartzea bere bizitza beste modu batean antolatu eta umeari
biberoia ematea erabakitzeagatik. NI ere biberoiaren alde Joxe!
Bibeioaren beste ikuspegi bat, euskarari buruzkoa, Lizardiren testu batean oinarriturik, Mitxelenak emana:
“Gero eta ugariago, ez dira euskaldunak “amarenetik arituak” Lizardik zioenez (Itz-lauz, 1934,85), “amaren bularretik aziak”. Biberoiari esker dira euskaldun”.
“Inoiz ez dut ikusi aitak ere esnea emateko prozesuan parte hartzeak ekar ditzakeen onura psikikoaren inguruko azterketarik. Igual, ez du merezi aztertzea ere, batzuentzat, antza, hor ustekabean pasatzen den gixaixo bat besterik ez da aita.”
Oso ona, Lutz. Eta Mitxelenarena be, oso metafora ona.
Bestela, bularra edo biberoia? Ahal izanez gero, biak ala biak, bakoitza bere momentuan. Eta bularragaz arazoak egonez gero, botilatxoa (ez “botiloia”) eta kitto.
Oso komentario interesgarria, Joxe.
Eskerrik asko denoi. Zuen ekarpenak oso dira interesgarriak. Besarkada bat.