Ezjakintasuna ala utzikeria?

Egun hauetan Luis Haranburu Altunaren liburu bat irakurtzen ari naiz, Euskararen Doluminak, Elea argitaletxeak plazaratua, eta hor  aurkitu dut halako jarrera baztergarria euskararentzat, batez ere teknologia berriekin lotuta. Ale bat:

  • Euskaltzale askok begiratzen du penaz euskararen gabezia egungo kulturaren arlo askotan. Interneten euskara oso “txiki” ikusten da, baina ez liguke horrek beste munduko konplexurik gureganatu behar; izan ere, kulturaren esparru horietan egotea euskararentzat ez da hil edo biziko kontua. Euskarak baditu lehenagoko lanak eta beharra azken teknologien puntan egotea baino. Euskarak beharrezkoa du beste esparru apalagoetan gotortzea. Euskarak eguneroko bizitzaren ildoan behar du gotortu bere iraupena eta ez dio inportarik izan behar Google-ko atarietan urriago izateak. (26. or.)

Badakigu gaur egun euskara txikia dela Interneten, nola baitzen Unamunoren garaian irakaskuntzan, eta iruditzen zait Luis Haranburu Altunak ez duela harrapatzen sarearen garrantzia. Bihar-etzi gauza mordoa egingo ditugu Internet bidez, eta hor erabiltzen diren zenbait teknologia ezinbestekoak izango dira eguneroko bizitzan. Beraz, begitantzen zait euskarak egon behar duela hor, GPSetan auto gidariak gidatzen, ordenagailuetan ahozko aginduak ulertzen, aldibereko hiztegi multimedietan, etab., hor egonda, ziurtatuko dugulako gurekin segituko duela eguneroko kontuetan.

Horra baina, ez da inor iristen bat-batean hori lan jarraitu baten emaitza baita. Eta horra iristeko beste pauso batzuk eman behar, hala nola Xuxen zuzentzaile ortografikoa, Euskalbar hizkuntza baliabideak eta euskal librezale askok egin dituzten ekarpenak. Hain zuzen ere, euskara uztartu egin behar da teknologia berriekin eta Internetekin, “eguneroko bizitzaren ildoan behar du(elako) gotortu bere iraupena”.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

2 erantzun Ezjakintasuna ala utzikeria?-ri

  1. egilea: bidua

    Ados zurekin Joxe.

    Spam pixka bat egingo dut:
    http://www.elhuyar.org/mosketariak/

    Horrelakoak ere oso garrantzitsuak direla iruditzen zaizkit gazteen aisialdiko produktuen hizkuntza zein erdalduna den ikusi eta gero.

    Agurrak,

  2. egilea: Kepa Diegez

    “Ezjakintasuna”, ez, beharbada, “Ezjakinkeria”, maltzurkeriaz eginda
    dago eta. Bat zurekin, Joxe, kristolako kaltea egiten digute halako
    iritziek!

Utzi erantzuna bidua(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude