Juan Luis Zabalak egindako gonbitari erantzunez, nik ere bost kontutxo ekarriko ditut hona, ezezagunak askorentzat.
1. Itsasoa. Zazpi bat urte izango nituen itsasoa lehen aldiz ikusi nuenean. Deban izan zen. Amak hartu gintuen Fatima arreba gaztea eta biok trenean Debaraino. Treneko leihatilatik ikusi nuen masa urdin hura, eta usaina ere gogoan dut, oso bestelakoa zelako niretzat. Zur eta lur geratu nintzen. Hantxe igaro genuen eguna, hondarrean jolasean eta uretan sartu-irtenak egiten, amaren begiradapean beti. Egun zoragarria izan zen.
2. Seminarioa. Urte batzuk geroago, 1963an izango zen, Saturraranera joan nintzen, apaizgaitegira. Hirurogei ikasletik gora sartu ginen nire kurtsoan, denak abade izateko gogoarekin. Haietatik baina, bat bakarra abadetu zen, nahiz eta gaur egun berak ere utzia duen abadetza.
3. Iruzurrezko ordezkatzea. Batxilerra amaitzen ari nintzela, behin lagun baten ordez sartu nintzen frantsez azterketa egitera Peritos eskolan, Donostian. Laguna Mondragoekoa zen, eta ikasten ari zen Industria Ingeniaritza. Ezin frantsesarekin baina, eta arrren eta arren etorri zitzaidan azterketa bere ordez egiteko, bestela ez zuela-eta titulurik aterako. Azkenean, amore eman nik. Kaka eginda sartu nintzen Peritos eskolan, nire argazkia neure lagunaren nortasun agirian nuela. Ona nintzen frantsesean eta di-da egin nuen azterketa, eta baita samur gainditu ere. Hilabete geroago irakasle bera egokitu zitzaidan frantses azterketan, Preu gainditzeko. Orduan ere kaka eginda ni, ezagutuko ote ninduen beldur.
4. Ingelesa. Uda zen, 1980koa, eta gu Hagan geunden, Holandan, lagun batzuen etxean astebete pasatzen. Ingelesa zen gure arteko hizkuntza, baina nik ez nuen tutik ere ulertzen, eta hain txarto sentitu nintzen harrizko gonbidatua izaten, hantxe bertan erabaki nuen, Begorekin batera, ingelesa ikasi behar nuela. Urtebete itxarongo genuen Begok enpresa ikasketak amaitu arte, eta Ingalaterrara joango ginen elkarrekin. Horiek ziren gure asmoak, baina azkenean Boisera joan gu, AEBetara. Urtebeterako joan ginen, baina bost egin genituen atzerrian: AEBetan, Kanadan eta Israelen.
5. Lehen mozkorra. Nire lehen mozkorra, eta bakarra uste dut, Vancouverren harrapatu nuen, Kanadan, Aberri Egun batean. Lagun euskaldun batzuen etxean geunden gonbidatuta, beste euskaldun batzuekin batera. Arratsaldeko bostetan hasi ginen edaten, eta goizeko laurak arte, geratu barik jardun genuen. Trago bat egiten nuen aldiko, bete egiten zidaten basoa albo bietako lagunek. Konturatu nintzen mozkortuta nengoela, lehen aldiz jaiki nintzenean komunera joateko, kosta egiten zitzaidan-eta zuzen ibiltzea. Zorionez, etxeko jabeek eskaini ziguten beren etxea gaua pasatzeko. Hurrengo goizean sekulako buruko mina nuen, eta apenas gogoratzen nuen ezer. Begok esan zidanez, bertsotan ere ahalegindu nintzen. Begira zelan egongo nintzen.
Itsasoa… dagoen gauzarik politena… Pozten naiz, itsasoa eagutu izana. Ez dut imajinatzen, herririk edo etorkizunik, itsasorik gabe.