Lasterka egitea inbertsio bat da guretzat. Gustoz egiteaz gain, ontzat jotzen dugu geure osasunarentzat. Hala ere, merkea da, beste kirol zenbaitekin alderatuz gero. Gasturik handiena zapatillak izaten dira, urtean behin-edo erosten ditugu eta. Prakak eta elastikoak, ostera, oso noizean behin berritzen ditugu. Azken praka luzeak, adibidez, neguan jaztekoak, 22 urtez erabili ditut korrika egiteko.
Horregatik, berriak erositakoan, ez da harritzekoa ezustekoren bat hartzea, diseinuarekin lotuta gehienetan, hor igartzen baita batez ere urteen joana. Oraindik orain erosi ditugun praka luze berriek badute gauzatxo bat txit polita eta, batez ere, praktikoa: poltsikotxo bat gerriaren atze aldean, non gorde daitekeen etxeko giltza. Txikikeria bat, pentsa lezake norbaitek, baina ez da horrela, atxintxiketa egiten dugunon arazo bat horixe izaten baita: non gorde etxeko giltza.
Kasu honetan, beste askotan bezala, diseinu on batek atseginagoa egiten du gure zaletasuna, arineketan egitea, alegia.
Nik lokarri batetik txintxilikatzen dut, edo bestela ama abisatu eta ez dut giltzik eramaten. Nire prakek ez daukate poltsiko hori, eta nik ere behar dut!