Dena hasi zen iragan azaroaren 23an. Orduan 20 urteko neska batek, Daniela Aranzabalek, erantzun bat utzi zuen Mexikotik Mikel Iturriaren gaztelaniazko blogean, nirekin jarri nahi zuela harremanetan. Tartean Pedro Aranzabal bere birraitona aipatzen zuen.
Harritu egin nintzen apur bat, guk ere izan dugulako familian tio Pedro bat, aspaldi batean Mexikora joan zena. Gure aita zenaren osaba zen tio Pedro, gure amandrearen neba. Aitak eta amak kontatu zigutenez, behin agertu zen emaztearekin sekulako aiga batean, auto handi dotore batean, gure artean autoak banaka ikusten ziren sasoian. Antza denez, futbol jokalari famatua izan zen Mexikon, eta gero ezkondu egin zen negozio gizon baten alaba batekin. Hori baizik ez genekien guk.
Danielari idatzi nionean, ordea, hark bestelako irudi bat eskaini zigun tio Pedroren gainean. Hauxe zioen bere erantzunean:
- Mira mi abuelo se llama Pedro Aranzabal la verdad nose bien de ke parte de españa era pero le voy a preguntar a mi abuelo mi bisabuelo llego a mexico joven vivio en un pueblo llamado lequitio de aca luego se paso a la ciudad de torreon coahuila mexico!!!! aca somos muchos familiares por ke tubo 5 señoras por keno con todas se caso!!!!!!!! y tubo alrededor de 20 hijos!!!! ahi tengo una foto de mi abueno en cuento pueda te la mando!!! y tu ke me puedes contar???
Are harrituago geratu nintzen erantzun horren aurrean, hori ez baitzen nik nuen informazioa tio Pedroren gainean. Betiko moduan, erantzun hori nire neba-arrebei zabaldu nien. Eta horietako batek pasarazi zion Zaloña baserriko lehengusina txiki bati, tio Pedro Zaloña baserrian jaio baitzen, Aretxabaletan.
Ostiralean jakin nuenez, Zaloñako lehengusina txiki batek esanda, tio Pedroren seme-alaba “ofizialek” berretsi egin diote Mexikotik tiok beste seme-alaba batzuk izan zituela ezkontzatik kanpo, denak ezkondu aurretik, berandu esposatu baitzen gure senidea, 50 bat urterekin. Beraz, Daniela zuzen dabil antza, eta gure tio Pedro dontsuak 20 bat seme-alaba izan zituen, bost emakumerekin.
Ostiralean bertan idatzi nion Danielari, eta esan nion zer lotura izan dezakegun, non jaio zen bere birraitona, eta mapa batzuk bidali nizkion, erakusteko non dagoen Aretxabaleta. Badakit, halaber, Zaloñako jabeak sekulako ilusioa duela ustekabeko senide horiek ezagutzeko, eta idatzi egingo diela, eta gonbidatu, etor daitezen ostera bat egitera Euskal Herrira. Baldin badatoz, bazkari handi bat egingo dugu aranzabaldarrok. Eta kopak jasoko ditugu eta topa egin tio Pedro emankor haren alde.
Kaixo Joxe:
Azken egun hauetan goian aipatzen duzun nire blogeko mezua berpiztu egin da. Minbizia zuten/duten pare bat lagunek utzi dituzte mezuak (azkena, Salamancako gizon bat da).
Zure mezuan aipatzen duzu Aretxabaletako Zaloña baserria eta nik ezagutzen dut Katalunian bizi den abizen horreko María. Duela gutxi egon zen Aretxabaletako etxean, aste bukaera pasatzen 82 urteko amarekin.
Zein ttikia den mundua, Joxe.
Barkatu: gaizki idatzi dut. Sarreraren lotura <a href=http://www.javierortiz.net/voz/iturri/el-medico-me-ha-dicho-que-tengo-cancerPedradas>bat da</a>.